Elkanoren Lehorreratzerako boluntarioak behar ditu Getariako Udalak

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 12a

Elkanoren Lehorreratzeko irudia.

Ekitaldi berezia izango da abuztuaren 7an egingo dutena, Juan Sebastian Elkanoren heriotzaren bosgarren mendeurrena beteko delako. 

Elkanoren Lehorreratzea izan ohi da Getarian egiten duten ekitaldi jendetsuenetakoa. Abuztuarekin batera irudikatu ohi dute Elkano bere jaioterrira itzuli zeneko unea, eta aurten abuztuaren 7an egingo dute. Ekitaldi berezia izango da aurtengoa, gainera. Izan ere, Elkano hil zela 500 urte beteko dira aurten. 

Lehorreratzea behar bezala egiteko boluntario bila dabil Getariako Udala, haien laguntza "ezinbestekoa baita gure herriko ekitaldi hau aurrera eraman ahal izateko", nabarmendu dute ohar baten bidez. 

Ekitaldian parte hartu nahiko duten getariarrek izena eman ahal izango dute Getariako turismo bulegoan. Udal zerbitzu horren ordutegia honakoa da: asteartetik ostegunera, 09:00etatik 15:00etara; ostiralean eta larunbatean, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara; eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara. Telefonoz ere apuntatu ahal izango da, 943-14 09 57 telefono zenbakira deituta; edo posta elektroniko bidez, infoturismo@getaria.eus helbidera mezu bat bidalita. 

Deialdia egin dutenen arabera, izenak ekainaren amaierara arte eman ahal izango dituzte interesdunek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide