Euskal dantzak ikasten ari diren herri desberdinetako haurrak Dantzari Txiki Egunen denboraldian murgilduta daude, eta gaurkoan, Getaria izan da haien topalekua. Herriko dantzariekin batera, Ostadar (Beasain), Oin Arin (Lazkao), Otsoak (Ataun), Goruntz (Gabiri), Lurra (Urretxu), Amets Bide (Ordizia), Ereintza (Orereta), Txori Txiki (Zumarraga), Iztueta (Zaldibia) eta Aurtzaka (Beasain) taldeetako haurrek kolorez jantzi dituzte Getariako kaleak.
Goizean kalejira egin dute herrian zehar, eta eguerdian, berriz, emanaldi bateratua egin dute frontoian. Herritar ugari elkartu da dantzarien ikuskizuna ikustera.
Bazkaldu ostean ere jarraituko du festak. 16.30ean dantzaldia egingo dute Erauskin plazan, eta Eingo taldeak emango dio amaiera egunari.