Getariako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Elkanoren bidaia izeneko zikloa antolatu du hilabete honetarako. Hiru ekitaldi antolatu ditu Juan Sebastian Elkanoren mundubiraren 500. urteurrenaren aitzakian, eta bihar izango da lehenengoa. Daniel Zulaika Zarauzko idazleak Elkanoren heriotza liburua aurkeztuko du, 18:30ean, Zarautz Jauregiko Atalaia aretoan. Aurkezpena gazteleraz izango da.
Leku eta ordu berean, baina hilaren 18an, Elkanoren familia izeneko hitzaldia eskainiko du Enrique Santamaria historialariak. Gazteleraz emango du hitzaldia hark ere.
Maiatzaren 24an emango diote itxiera Elkanoren bidaia zikloari, Pasaiako (Gipuzkoa) Albaola faktoriara eta San Juan baleontzira bisita gidatuarekin. Goizez egingo dute irteera, eta doakoa izango den arren, beharrezkoa izango da Getariako turismo bulegoan izena ematea maiatzaren 18a baino lehen.