Getariako Artzape aldizkariak 25 urte bete ditu aurten, eta urtemuga ospatzeko egun osoko egitaraua antolatu du gaurko. Umeei zuzendutako jarduera batekin hasi dute eguna, Urritza aisialdi taldearekin mural bat margotu baitute frontoian. Urteurreneko ekitaldia egin dute atzetik, eta mende laurden honetan bidelagun izan dituen bazkideak, kolaboratzaileak, babesleak eta irakurleak eskertu dituzte Artzapeko kideek.
Maitane Subijana kazetariak aurkeztutako ekitaldian, Getariako aldizkariak izan dituen aldaketak gogora ekarri dituzte, teknologia berrien eragina aipatu dute, baina komunikabide horren funtsak bizi-bizirik dagoela nabarmendu dute: "Herritik sortu zen proiektua herriak egin du, eta hala nahi bada, herriak egingo du".
Herriko musikariek eta dantzariek parte hartu dute ekitaldian, baita Intza Gurrutxagak ere, urte askoan Artzapeko erredakzioan lanean aritu den eta egun euskalgintzan borrokan ari den herritarrak. Artzaperen proiektua hasi zuten herritarren lana aitortu du, eta azpimarratu du horrelako proiektu "herrikoi eta komunitarioak" behar-beharrezkoak direla gaur ere, "interes komertzial eta ekonomikotatik haratago mundua beste modu batera eraiki edo uler daitekeela" erakusten dutelako. "Artzaperi esker, egunero Getaria euskaraz kontatzeko aukera dugu", adierazi du.
Eskertza ekitaldiaren ostean, Kale Nagusia musikaz janzteaz arduratu da Getariako Musika Banda, eta Nerea Elustondoren nahiz Libe Goenagaren bertsoek girotu dute bazkaldu aurerko poteoa. Harritarten bazkaldu ostean, Bodegatik Plazara podcastaz zuzenean gozatzeko aukera izan dute herritarrek, eta Eztanda eta Bele Raveren kontzertuekin amaituko dituzte urteurreneko ospakizunak.