Herriak arauz hustu, kuirrez betetzeko

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 8a

Hainbat lagun Getariako Zarautz Jauregian, Aner Peritzek eta Kattalin Minerrek eskainitako hitzaldia aditzen. (M. Txintxurreta)

Herrietako idatzi gabeko arauek LGTBIQ+ bizitzengan duten eraginaz hausnartu dute Kattalin Minerrek eta Aner Peritzek Getarian eskaini duten hitzaldian. Herriak guztientzat bizigarri egiteko neurriak proposatu dituzte.

LGTBIQ+ pertsonek ongi ezagutzen dituzte herri txikietako idatzi gabeko arauak, inork baino zailtasun gehiago baitituzte horiek betetzeko. Alta, kuir pertsonei moldagarritasuna exijitu beharrean, indarkerien eta tentsioen eragile diren arau hertsiak hausteko hautuan sinesten dute Kattalin Miner eta Aner Peritz militante transfeminista eta euskaltzaleek. Eta lan hori ez dagokie soilik kuir pertsonei. Horixe izan zen Minerrek eta Peritzek asteazken arratsaldean Getariako Zarautz jauregian eskaini zuten hitzaldiko ondorioetako bat. Artzape elkarteak gonbidatuta, Kuir bizitzak herrietan solasaldia aurkeztu zuten hernaniarrak (Gipuzkoa) eta zarauztarrak, eta LGTBIQ+ bizitzak, euskara eta herriak gurutzatzen direnean sortzen diren korapiloei nahiz etenei begiratu zieten.

Hitzaldiaren aitzinsolas gisa, ohartarazpen batzuk egin zituzten, aipatutako korapilo eta etenetan hizlariek duten kokapena zehazteko: hernaniarra da Miner, eta zarauztarra Peritz, hau da, Getariaren aldean handiak diren herrietan sortu dira, eta hirian bizi dira biak, Miner Donostian eta Peritz Gasteizen. "Hala ere, herrikoak sentitzen gara, hain zuzen, Gasteizen eta Donostian bizi garelako. Subjektuak besteekiko kontrastean sortzen direlako", argitu zuen Minerrek. Kokapen horretatik, herrietan gelditu diren eta horietan eragiten ari diren kuir pertsonen lana aitortu zuten.

Ez baita erraza herrietan marika, bollera edo transa izatea, kasurako, edo ez bederen identitate horietatik sozializatzea, LGTBIQ+ gorputzak ez direlako herrietako arau sozialetan kabitzen, ezta euskaldun onaren arketipoak marrazten duen profilean ere. Hizlariek nabarmendu zutenez, herritar guztiei eragiten diete herrietako arau sozialek, baina kuir pertsonek "horiek betetzeko zailtasun gehiago dituzte", eta beraz, arauak ulertzeko eta horietan kabitzeko etengabeko tentsioan bizi dira.

Aner Peritz eta Kattalin Miner. (M. Txintxurreta)

Herrian bizirauteko, kuir pertsonek "konpentsazio estrategiak" erabiltzen dituztela azaldu zuen Kattalin Minerrek: "Arauak konpentsatzeko lan egiten dute; jendeak eurengatik esateko, adibidez, 'bollera da, baina militante fina', edo 'marikoia da, baina herriko dantza taldean aritzen da'; horrela lortzen dute herriak balioztatzea". Herriarekiko tentsio horretan, hernaniarraren arabera, "identitatea eta disoziazioa aldi berean gertatzen dira". Azaldu zuenez, pertsona batek lotura estua senti dezake bere herriarekin, "oso bertakoa naiz" pentsa dezake, baina berea sentitzen duen herri horretan ezin du trabestia izan, adibidez. "Pertsona horrek bertakoa izatearen sentsazioa izan dezake, baina inguruak ez dio itzultzen sentsazio hori", argitu zuen. Eta hala ere, LGTBIQ+ bizitzek ekarpen handia egiten dute herrietan, adituak direlako beste askok ere hertsiegi sentitzen dituzten arauak hausten, Minerren esanetan.

Euskalgintzarekin zubiak

Zer gertatzen da herrien eta LGTBIQ+ bizitzen ardatzen gurutzaketak euskalduntasuna topatzen duenean? Minerrek aitortu zuenez, bera kuir mugimenduan eta transfeminismoan hasi zenean, gazteleraz militatu behar izan zuen. "Euskalduntasuna armairuan izan nuen", esan zuen. Izan ere, panorama aldatzen ari den arren, hiritartzat jotzen zen kuir mugimenduaren eta herrikotzat jotzen zen mugimendu euskaltzalearen artean apenas zegoen zubirik. Hortaz, pertsona berbera izan zitekeen euskaltzalea baina ez bollera Azpeitian, eta bollera baina erdalduna Bilbon, adibidez. Eta haustura horrek, Minerren arabera, eragiten zuen herriek LGTBIQ+ pertsonak galtzea –sexilioaren eraginez, hein handi batean– eta LGTBIQ+ mugimenduek euskaldunak galtzea. Ildo horretatik, aipatu zuen Euskal Herriko mugimendu transfeministak eta kuirrak nabarmen euskaldundu direla, baina kontrako norabidean ez dela horrenbeste lan egin: "Euskalduntasunak, gure herriek, LGBTIQ+zatu behar dute".

Aner Peritz: "Ez dugu nahi Euskal Herri patriarkal bat, ezta País Vasco transfeminista bat ere"

Lan horrek, baina, erresistentziak aurkitzen ditu, Aner Peritzek ohartarazi zuenez. "Zirkulu euskaltzaleetan, ados egoten gara euskaltzaletasunaren politizazioarekin: aldarrikatzen eta ospatzen ditugu euskararen aldeko politika ausartak, eskatzen dugu D eredu sendoagoa, lanpostu publikoetan euskara derrigorrezkoa izan dadila... Zirkulu horietan esaten badugu euskara gutxiegi inposatzen dela, gehiago inposatu beharko litzakeela, txalo egingo digute. Baina kontuz transfeminismoa gehiago inposatu behar dela esatearekin, tomateak botako dizkizuete eta!".

Horregatik, Peritzen iritziz, esatea mugimendu euskaltzaleak ez liratekeela lerratu beharko bestelako auzi batzuekin, arrazakeriaren kontrako borrokarekin, esaterako, zentzugabea ez ezik euskararen kontrakoa ere bada. "Euskara ez da modu isolatuan garatuko. Ez dugu nahi Euskal Herri patriarkal bat, ezta País Vasco transfeminista bat ere", agertu zuen.

Abiapuntu posible bat

Aipatutako guztiagatik, komunitate transfeministaren eta euskaltzalearen arteko zubia indartzea izan zen Peritzek kuir bizitzak herrietan bizigarriago egiteko Getarian aurkeztu zuen proposamen sortako lehenengoa. LGTBIQ+ mugimenduak euskararen arnasgune bilakatzeko neurri zehatzak proposatu zituen, adibidez, euskara ikasteko doakotasuna bermatzea; eta herri euskaldunak LGTBIQ+ arnasgune bilakatzeko sexilioaren kontrako ideiak jaurti zituen, adibidez, herritarren etxebizitzarako sarrera bermatzea, genero eta arraza segregazioaren kontrako politika publikoak garatzea eta erasotzaileen inpunitatearekin amaitzea. Horratx abiapuntu posible bat herriak arauz husteko, gorputz guztiak kabitu daitezen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide