Igande goiza pasatzeko plan bikaina aurkitu dute herritarrek San Prudentzion

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 26a

Ekoizle txikien IV. Altza Porru azokaren bueltan osatu dute Getariako San Prudentzio auzoan gaurko egitaraua. Gure Txeruko dantzari txikien emanaldia, Perejilek taldearen musika emanaldia eta Gukaren eskutik haurrentzat eskulanen txokoa egon dira eguerdi partean. 16:00etan hasiko den Supituki antzezlan inprobisatuarekin amaituko da jaia gaurkoz.

Eguraldi dotorea egokitu zaie aurtengoan Getariako San Prudentzio auzoko bizilagunei jaiez gozatzeko. San Prudentzio eguna asteartean izango da, hilaren 28an, baina asteburua aprobetxatu dute egitarau mardulena eskaintzeko, eta gaur eguerdian giro bikaina sortu da plazaren bueltan. 

Protagonismoa, besteetan bezala, ekoizle txikien IV. Altza Porru azokak eduki du. Denetariko produktuak eskaini dituzte ilara luzean jarritako postuetan: gozokiak, gazta, garagardoa, barazkiak, xaboiak eta ukenduak, etxea dekoratzeko egurrezko nahiz beste hainbat materialetako produktuak, bitxiak, poltsak, landareak, loreontziak... Haien tartean, Gukak haurrentzako eskulan txokoa jarri du, eta txikienak gustura ibili dira tarte batez. 

Karpa nagusian txosna egon da, eta pintxo galantak zerbitzatu dituzte. Zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek han, Perejilek taldearen eskutik. 

Gure Txeruko dantzari txikiek ere ez dute hitzordua galdu nahi izan, eta emanaldi polita eskaini dute. 

Sos batzuk ateratzeko helburuz, auzo elkarteak otarra dotorea zozkatu du, eta zenbaki sariduna zein zen esan orduko agertu da irabazlea: Miren Galfarsoro zumaiarra. Asteartean beste otarra bat zozkatuko dela jakinarazi dute.

San Prudentzio egunez, asteartean, txistularien diana egongo da 10:30ean, eta meza nagusia, 11:00etan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide