Getariako 25. Literatur Lehiaketak baditu irabazleak

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 25a

LH 3. mailatik hasi eta helduen kategoriara arte, 104 lan aurkeztu dituzte aurten getariarrek lehiaketara. Ipuinak izan dira nagusi, olerkiak ere idatzi dituzten arren. Ohi bezala, lan guztiak herritarren eskura jarriko dituzte laster, online nahiz inprimatuta.  

Getariako Udalak atzo arratsaldean banatu zituen Getariako 25. Literatur Lehiaketako sariak. Denera 104 lan aurkeztu dituzte LH 3. mailatik gorako herritarrek, horietatik gehienak ipuinak, olerkiak ere aurkeztu dituzten arren. Helduen kategorian Nerea Kamiok jaso du saria ipuinen atalean Jarlekuen begiradak lanarekin, eta Sarah McCallum-ek, berriz, olerkienean, Euskara ikasle baten baldintzapeko prestakuntza bertsoekin. 

Epaimahaia Edurne Gastañares Iturzaeta Herri Eskolako zuzendariak, Jone Lizarralde Artzape euskara elkarteko kideak, Ximon Aranguren irakasle eta literaturazaleak, Oihana Urkidi Getariako Udal Liburutegiko langileak eta Erun Ortiz Getariako Udaleko kultur teknikariak osatu dute, azken horrek idazkari lanetan, eta haien erabakiz, honako herritarrak saritu dituzte aurten:

-LH 3 ipuin onena: Lore Mateos, Liburu magikoa lanagatik. Aipamen berezia: Julene San Miguel, Printzesa eta sorgina lanagatik.

-LH 4 ipuin onena: Xan Elorrieta, Rokok erregea izan nahi du lanagatik. Aipamen berezia: Aitana Esnal, Pedro Extralurtarra lanagatik

-LH 5 ipuin onena: Nerea Farinango, Nerea eta San Antonen sekretua lanagatik. Aipamen berezia: Mikel Arregi, Zonbien Apokalipsia lanagatik.

-LH 6 ipuin onena: Lide Benito, Marteko estralurtarraren egunerokoa lanagatik. Aipamen berezia: Naiara Azkue, Belarritakoen isilpeko abentura lanagatik.

-14-16 urte artekoen ipuin onena: Lur Elorrieta, Zeru gorriak lanagatik. 

-Helduen ipuin onena: Nerea Kamio, Jarlekuen begiradak lanagatik. 

-Helduen olerki onena: Sarah McCallum, Euskara ikasle baten baldintzapeko prestakuntza lanagatik. 

Erun Ortiz Kultura teknikariak gidatu zuen ekitaldia, eta amaieran, gogorarazi zuen lan guztiak Artzape aldizkariaren hurrengo zenbakian argitaratuko dituztela, eta online ere jarriko dituztela aldizkariaren atarian, baita entzungai ere, egileek beraiek irakurrita. 

Pandemia garaian hasi ziren egileen ahotsekin ipuinak eta olerkiak grabatzen, gero online zabaltzeko, eta herritarrek egitasmoa gustura hartu zutenez, pandemia ondorenean jarraipena ematea erabaki zuten. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide