Getariako liburutegia "argitsuagoa, gaur egungo irizpideetara egokituagoa eta irisgarriagoa" bihurtu dute

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 17a

Getariako udal liburutegia, eraberritua. (Getariako Udala)

Besteak beste, altzari zaharrak kendu eta berriak jarri dituzte, baita hormak margotu eta liburutegiko funtsa berrantolatu ere. Gainera, helduen atalean euskarazko narratiba eta poesia bateratu dituzte. Halaber, antolaketa berriari eta sareko katalogoaren funtzionamenduari buruzko azalpen saioak eskainiko dituzte apirilean zehar. 

Martxoaren 31n ateak itxi ondoren, liburutegia berritzeko lanetan aritu dira udal brigadako langileak, altzarien muntaketako taldearekin eta liburutegiko langileekin elkarlanean. Besteak beste, altzari zaharrak kendu eta berriak jarri dituzte, baita hormak margotu eta liburutegiko funtsa berrantolatu ere. Udalak jakitera eman duenez, egindako lanetarako 15.465,16 euroko aurrekontua bideratu da, 2026ko aurrekontuetan aurreikusitako partidaren bidez. Esku hartze horren laguntzarekin, liburutegia "argitsuagoa, gaur egungo irizpideetara egokituagoa eta irisgarriagoa" bihurtu dute, hain justu.

Antolaketa berriari dagokionez, haur eta gazteen atalean orain arteko egitura mantenduko da. Helduen atalean, berriz, euskarazko narratiba eta poesia bateratu dituzte: "Horrela, irakurleek letra bakoitzean bi generoetako liburuak aurkitu ahal izango dituzte". Gaztelaniazko nahiz beste hizkuntzetako narratiba "bere horretan mantendu" dute, eta aldaketa handiena erreferentziazko liburuen atalean egin da, zehazki.

Bestalde, gordetzea erabaki duten funtsa zortzi ataletan banatu dute, hala nola Txoko Morea, Zaintza eta Sukaldaritza, Bira (itsasoa, bidaiak, abenturak…), Mundua (politika, ekonomia, filosofia, gizarte-antolaketa, historia…), Euskal Herria (historia, politika, euskara, tradizioa…), Natur Zientziak, Kultura, eta Mendia eta Kirola.

Astelehenean zabaldu zituzten berriro liburutegiaren ateak, eta antolaketari eta sareko katalogoaren funtzionamenduari buruzko azalpen-saioak ere eskainiko dituzte hilabete honetan zehar: astearte arratsaldeetan, 17:30ean, eta asteazken goizetan, 11:30ean. Getariako Udala "oso eskertuta" dago berritze lanetan jardun duten langile guztiek "egindako ahaleginagatik", eta herritarrei dei egiten die "guztiona den espazio hau erabiltzera, ezagutzera eta gozatzera".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide