Emakumezko surflariek aldagela propioa izango dute aurrerantzean

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 10a

Getariako surf elkartearen instalazioak, Gaztetape hondartzan. (Getariako Udala)

Azken urteetan emakumezko surflarien kopuruak gora egin duenez, aurrerantzean beren aldagela propioa izango dute, "baldintza egokiagoetan eta erosotasun handiagoarekin jarduteko aukera" bermatuz. 

Getariako Udalak jakitera eman duenez, hemendik aurrera Gaztetapen dagoen eraikin publikoan gizonezkoek eta emakumezkoek beren espazio propioak izango dituzte.

Duela sei urte, surf elkarteak espazioa "berrantolatzeko" eskaera egin zuen, instalazioen erabilera gero eta handiagoari erantzuteko asmoz. Eskaera horren aurrean, espazio konpartituan surfeko materiala gordetzeko eremua egokitu zen, baita gizonezkoen aldagelak berritu, teiluatua txukundu eta emakumezkoentzat txoko bat sortu ere, udako hilabeteetan Gurutze Gorriko kideekin partekatu izan dena.

Azken urteetan, ordea, emakumezko surflarien kopuruak gora egin du, eta espazio partekatuak sortzen zituen oztopoek agerian utzi dute "egokitzapen handiago baten beharra". Testuinguru horretan, udalak instalazioaren zati oso hori emakumezkoen erabilerarako bakarrik egokitzea erabaki du. Horretarako, 12.900 euroko inbertsioa egin dute, eta udal brigadak ere hainbat esku hartze lan burutu ditu espazio berria "behar bezala egokitzeko".

Hortaz, aurrerantzean emakumezkoek beren aldagela propioa izango dute, "baldintza egokiagoetan eta erosotasun handiagoarekin jarduteko aukera" bermatuz, hain justu.

Udalak azpimarratu nahi du neurri honek kirolaren praktika "berdintasunean sustatzeko eta herriko azpiegiturak erabiltzaileen beharretara egokitzen jarraitzeko konpromisoa" berresten duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide