Getariako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aurrerakina aurkeztu du jendaurrean. Dokumentu estrategiko honek herriaren garapena gidatuko du datozen urteetan, 2045era begira.
Diagnostiko sozio-urbanistikoa osatu ondoren, aurkeztutako aurrerakinak helburu argi bat finkatu du: Getaria hobeto konektatua, jasangarriagoa eta bizigarriagoa bihurtzea.
Halaber, aurrerakinak mahai gainean jartzen ditu gaur egungo erronka nagusiak, hala nola "mugikortasunaren hobekuntza, espazio publikoen kalitatea handitzea eta etxebizitza eskaintza egokitzea". Ildo horretan, proposamenen artean nabarmentzen dira "espazio publikoen berrantolaketa, irisgarritasuna hobetzeko neurriak eta eguneroko bizitza erraztuko duten azpiegitura berriak".
Dokumentua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute, eta hortaz, ekainaren 8ra arteko epea ireki dute herritarrek ekarpenak eta iradokizunak aurkezteko. Aurkeztutako aurrerakina "eztabaidarako dokumentua" dela argitu du udalak, eta jasotako ekarpenekin "aberastea" du helburu.
Gainera, parte hartzea sustatze aldera, udalak hainbat informazio eta parte hartze saio antolatu ditu. Esaterako, herritarrei zuzendutako aurkezpen ireki bat egingo dute maiatzaren 5ean, 18:30ean, Zarautz Jauregian, plana gertutik ezagutzeko eta bestelako iritziak jasotzeko.
Bestalde, maiatzean zehar udaletxeko sarreran planoak eta dokumentazioa ikusgai egongo dira, eta interesa duten herritarrek dokumentua udalaren webgunean deskargatu edo udaletxean bertan kontsultatu ahal izango dute.
Getariako Udalak azpimarratu duenez, herritarren parte hartzea "funtsezkoa" izango da planaren garapenean, eta ekarpenak egitea "ezinbestekoa da Getariaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko".