Gutuna

Euskara(z) gara

Aitor Irigoien Odriozola 2026ko apirilaren 10a

24. Korrika Getariara iristen. (AEK)

Aitor Irigoien Odriozola getariarrak hurrengo gutuna helarazi dio Gukari, 24. Korrikaren inguruan.

Duela gutxi iritsi naiz etxera, aurtengo Korrikan parte hartu ostean. Une polita eta ederra izaten da beti Korrika, sentimenduz betea… eta aurtengoa are eta bereziago izan da niretzat. Lehenik eta behin, beraz, Getariako Artzape herri aldizkariko lantaldeari eskerrak eman nahiko nizkioke, lekukoa eramateko nirekin akordatu eta halako aukera eskaintzeagatik. Mila esker bihotzez, benetan! Harrotasun eta ohore handia izan da Artzaperen izenean lekukoa eramatea.

Arratsaldeko bostak alderako jendetza etorri da Zarautz aldetik; eta Getariako talde eta erakunde pila batek lekukoa, eskuz esku, elkarri pasa ondoren, jendetzak jarraitu dugu Zumairaino. Korrikaren magia delakoa: behin multzora sartu eta korrika hasita, gero geratu eta irten nahi ez izatea, segi eta segi aurrera, gorputzak aguantatu artean…

Pertsonalki poz haundia sentitu nuen martxoaren 19an Ipar Euskal Herrian hainbeste jende, eta batez ere gazte, Korrikan ilusioz eta pozez parte hartzen ikusteak. Baita ondorengo egunetan, zuzeneko emisioa jartzerakoan, Nafarroako hainbat herrietan zehar lekukoa jendez inguratuta aurrera egiten ikusteak.

Azken urteotan, Euskal Herriaren nazio izaera eta sentimendua apaltzen, lurruntzen doanaren sentsazio tristea izan dut, politikari zein gizartearen zati handi baten utzikeriaren ondorioz. Aspalditik genituen izendapenak ere edukiz husten eta desfiguratzen joan zaizkigun bitartean: Euskadi edo Basque Country hitzak kasu, soilik EAE (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba) izendatzeko erabiliaz.

Eta Korrika bezalako egitasmo batek hain juxtu hori gainditzen laguntzen du: Euskal Herria irudikatzen, Zazpiak bat garela gogorarazten, Iparraldea eta Nafarroa ere Euskal Herria direla erakusten (edo Leihotikan taldeak abesten duen bezala Euskal Herria Nafarroa dela), Euskal Herriaren mapa osoa marrazten, kanpotik bi estatu arrotzek inposatzen dizkiguten muga artifizialak biluzten…

Korrika, sortu zen unetik, ezinbesteko tresna izan da naziogintzarako, Euskal Herriaren eraikuntzarako. Eta nola ez, euskararen biziraupenerako eta normalkuntzarako ere bai. Eta azken puntu honetan arreta berezia jarri nahiko nuke.

Garai ilun eta latzak pasa behar izan ditu euskarak guganaino iritsi ahal izateko (gerrak, diktadurak, debekuak, egunkarien itxierak). Eta unerik zailenetan ere gure arbasoek erakutsitako jarrerari eta egindako ahaleginari esker biziraun du euskarak.

Alabaina, oraindik ere egun jazarpen eta eraso sistematikoak jasaten ari dela ebidentea da, eta azkenaldian horren adibide ugari izan ditugu zoritxarrez: euskararen aurkako oldarraldia eta epaiak, lanpostu publikoetan euskara eskatzearen aurkako kanpaina antolatu bezain lotsagarriak, euskarazko telebista kate publikoen itxiera… Aitzitik, orain halako erasoen aurrean euskaldunon artean inoizko epeltasun gehien nabaritu dut: nekea, indiferentzia, apatia, amore ematea, porrota onartzea… Eta asko arduratzen nau honek. Euskararen galbidea suposa baitezake.

Kanpotik erasotzen jarraituko gaituztela argi dago. Espainiako estatuko botere gune gehienetan (judiziala, ekonomikoa, komunikabideak, poliziala) frankisten ondorengoek jarraitzen baitute agintean. Eta aitak, arrazoi guztiz, tarteka errepikatzen zidan moduan: "ez espero ezer onik otsoaren hatzaparretatik".

Haatik, barnetik ezin dugu huts egin. Gure nortasuna eta hizkuntza babesten, sustatzen eta erabiltzen segitu behar dugu egunerokoan, ahalik eta esparru gehienetan (familian, lagunartean, lanean, hezkuntzan, kirolean, kalean, online…). Hori albo batera utzi eta kanpotik inposatutako hizkuntzan murgiltzeari ekiten badiogu, akabo! Gureak egin du!

Ildo honetan, oso egokia eta esanguratsua iruditzen zait aurtengo Korrikaren lema: Euskara gara. Eta honi moldaketatxo txiki bat eginez: Euskaraz gara. Euskara gabe, ez baitago euskaldunik, ez euskal herritarrik, ez Euskal Herririk. Eta hau adierazi nahiko nuke, euskaldunak espainolez hitz egiten inoiz baino gehiago entzuten ditudan honetan. Bai egun bizi naizen hirian (Donostian), baina baita Getaria bezalako herrietan ere. Eta bigarren hau gogorra egiten zait onartzeko…

Korrikak (eta euskarak) guztion festa izan behar du, denon parte hartzea eta bultzada behar ditu. Aniztasunean eta errespetuan. Denok gaude ados horretan. Noski baietz. Baina Korrika ezin da basquewashing kanpaina bat bilakatu, marketing edota zuritze ekintza soila izan, gehien kutsatzen duten enpresa erraldoiek greenwashing-a egiten duten moduan. Hori horrela, Korrikaren antolatzaileak zoriondu nahiko nituzke, azken astean izandako aferan (eta inguruko zarataren aurrean) erakutsitako koherentziagatik eta jarrerarengatik.

Ez zait gustatzen ez daudenengan jartzea fokua. Zeren eta, garenak gara eta gaudenak gaude. Baina urte osoan zehar euskararen aurkako kanpainak antolatzen dituztenek (zein hauek babesten dituzten alderdi politikoek) ez dakit zergatik hartu nahi duten parte Korrika bezalako egitasmoetan. Eta tristura handiz, berdina esan beharrean nago milaka haur (etorkizuna) telebistan euskarazko eduki gabe uzten saiatu direnei buruz ere…

Baina gu gurera. Jarrai dezagun Euskal Herri guztian zehar lekukoa elkarri ematen, euskaraz abesten, pausuak ematen, hots, euskara izaten eta euskaraz izaten. Bide luzea dugu aurretik oraindik. Haatik, txinatar esaerak dion moduan: biderik luzeena ere lehen pausuarekin hasten da… Beraz, kilometroz kilometro, herriz herri, eskuz esku… Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide