Getariako Udalak martxan du 25. Literatura Lehiaketa LH 3. mailatik gorako herritarrentzat, eta parte hartzeko aukera bihar, martxoak 30, amaituko da, 19:00etan; ipuinak, bertsoak edo olerkiak aurkeztu ahalko dituzte getariarrek.
Zazpi mailatan banatuko dituzte lanak aurtengoan: LH 3. mailakoenak; LH 4. mailakoenak; LH 5. mailakoenak; LH 6. mailakoenak; 12-14 urte artekoenak; 14 eta 16 urte bitartekoenak; eta 16 urtetik gorakoenak. Gai librean idatzi ahal izango dituzte herritarrek lanak, euskaraz, eta horiek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Oinarri guztiak honako lotura honetan irakur daitezke.
Epaimahaia Iturzaeta Herri Eskolako, Artzape Euskara Elkarteko, Udal Liburutegiko eta udaleko Euskara Batzordeko ordezkariek osatuko dute. LHko ikasleen mailetan, ipuinen modalitatean, bi sari banatuko dituzte. 12 urtetik gorako mailetan, berriz, maila eta modalitate bakoitzeko –ipuinak eta olerkiak edo bertsoak– sari bana emango dute, eta 16 urtetik gorakoen arteko modalitate bakoitzeko irabazleak 150 euro eskuratuko ditu.