XX. mendeko modaren ezinbesteko bi klasiko handi izan ziren Cristobal Balentziaga joskin getariarra eta Hubert de Givenchy joskin frantziarra. Biak ere 1950eko hamarkadaren erdi aldera ezagutu ziren New Yorken (AEB), eta ordutik 1972an Balentziaga hil zenera arte, hautsi ez zen harremana izan zuten. Harreman hori The Givenchiaga Family izeneko erakusketan jaso dute Getariako Cristobal Balentziaga museoan. Aldi baterako erakusketa gaur zabaldu dute, eta 2027ko otsailaren 20ra arte izango da ikusgai, justu Givenchyren jaiotzaren mendeurrena beteko den egunera arte.
Gaur eguerdian egin duten aurkezpen ekitaldian Miren Vives Cristobal Balentziaga museoko zuzendariak nabarmendu duenez, bi joskinen inguruko erakusketa ugari egin dituzte denboran zehar hainbat museotan, baina bien lanak batera erakutsiko dituzten lehen aldia da oraingoa. Erakusketa horren garrantziaren adierazgarri da museoko patronoak ere aurkezpen ekitaldian izan direla, baita Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere. Ekitaldian izan dira, esaterako, Sonsoles Diez de Rivera e Icaza mezesasgoko komisioko presidentea; Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua; eta Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria. Museoko bildumen zuzendari eta gaur erakutsi duten bildumaren komisario izan den Igor Uriak ere parte hartu du aurkezpenean.
Alvarezen esanetan, Getariako museoan zabaldutako ekimena lagungarria da "Balentziagaren inguruko begirada zabaltzeko", eta gaineratu du bi jostunen arteko harremanak moda nola aldatu zuen erakusten duela. Diputatuaren iritziz, erakusketak Balentziagaren inguruko "imajinario eta errealitate berriak" agerian uzten ditu. Salaberriak, bere aldetik, adierazi du Balentziagak eta Givenchyk "errespetuz, miresmenez eta konplizitatez eraikitako harremana" bizi izan zutela.
Erakusketan jasotzen den Givenchiaga hitza ez dela beraiek asmatutakoa adierazi du Vivesek. Hark gogoratu duenez, Katharine Whiteborn kazetari britainiarrak erabili zuen esapide hori lehendabizikoz, 1960ko abuztuan, The Observer egunkarian argitaratutako artikulu batean, Balentziagak eta Givenchyk aurkeztutako bildumen artean ikusten zituen loturez hitz egiteko.
Gaurtik datorren urteko otsailera arte bisitagai izango den erakusketaren ardatzak bi sortzaileen estiloen antzekotasuna, enpresa arloan zuten konplizitatea eta lotzen zituen adiskidetasuna direla ere adierazi dute. Bi jostunen lanak biltzen dituen bildumak omenaldia ere egin nahi dio Givenchyri, Getariako museoaren bultzatzaileetako bat izateaz gain, Balentziagaren ondarearen kontserbatzaile ere izan zelako. Uriak azaldu duenez, 1972an hil zen Balentziaga, eta urte hartan bertan egin zion lehen omenaldia Givenchyk, "bilduma berri bat erakutsiz". Balentziaga museokoa da, gainera, Givenchy hil ondoren –2018an zendu zen– haren inguruan egindako lehen erakusketa.
35 lan ikusgai
Museoak abian jarritako Topaketak lerroaren barruan sartzen da erakusketa, eta haren helburua da, Balenciagaren biografia eta lana "sakon ezagutaraztea" bultzatzeaz gain, beste sortzaile, diziplina eta bilduma batzuekiko ikuspegia zabaltzea. Horregatik erabaki dute, hain zuzen, Givenchyren lanak Getariara ekartzea.
Cristobal Balentziagak eta Hubert de Givenchyk sortutako 35 lan daude ikusgai museoko bigarren solairuan, denak ere 1956tik 1972ra bitartean egindakoak. Erakusketarako Balentziagaren 11 lan aukeratu dituzte, eta beste 24ak Givenchyrenak dira. Gehienak Givenchy markak Parisen (Frantzia) dituen artxiboetatik bildu dituzte, eta besteak, Madrilgo (Espainia) Museo del Trajetik. "Bildumaren helburua da ildo estilistiko horiek Givenchyren lanean izan zuten bilakaera islatzea eta agerian jartzea zer beste lotura zituen Getariako diseinatzailearekin arlo personalean eta profesionalean", esan dute antolatzaileek.