Abuztuaren 7an egingo dute Juan Sebastian Elkanok, behin mundu bira egin eta gero, bere jaioterrirako itzulera irudikatzen duen lehorreratzea. Aurreko urteetan egin bezala, Getariako Udalak ateak zabaldu dizkie herritarrei ekitaldi horretan parte hartzeko, eta izen emateak erantzun "bikaina" izan duela kontatu du. Aurten guztira 23 lagunek eman dute izena tripulante gisa, 44 herritarrek kontinenteen ordezkari modura, eta beste bostek karrozan parte hartzeko. Zozketak apirilaren 13an egingo dituzte.
Orain, prestaketa lanak jarriko dituzte martxan. Horretarako, duela lau urte sortutako jantziak egokitu eta atondu behar direla nabarmendu du udalak, eta, horrez gain, jantzi berri batzuk ere sortzea "beharrezkoa" izango dela gaineratu du. Lan horiek guztiak aurrera eramateko, ordea, "ezinbestekoa" izango da herriko jostunen laguntza.
Hori horrela izanda, udalak deia luzatu die jantzigintzan laguntzeko prest dauden herritar guztiei, aurtengo Lehorreratzea "ahalik eta arrakastatsuena" izan dadin. Interesdunek Turismo Bulegoan eman dezakete izena, eta apirilaren 10era arte izango dute horretarako aukera. Informazio gehiago eskuratzeko, infoturismo@getaria.eus helbidera idatzi edota 943-14 09 57 zenbakira deitu daiteke.