Getariako portuko taberna-jatetxea lizitaziora atera du Eusko Jaurlaritzak

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 24a

Getariako portuko taberna-jatetxea, Tholos plazan kokatua. (Google Maps)

Lizitazioak Tholos plazan kokatutako tabernaren kudeaketa 20 urtez esleitzea ahalbidetuko du, luzapena egiteko aukerarekin, eta berritzeko eta egokitzeko obrak egitea derrigorrezkoa izango da, espazioa "modernizatzeko eta zerbitzuaren beharrak betetzeko", zehazki. Eskaintzak aurkezteko epea, aldiz, hiru hilabetekoa izango da.

Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailak Getariako portuko taberna-jatetxearen okupaziorako eta ustiapenerako administrazio lizentzia emateko prozedura jarri du martxan. Taberna-jatetxea Tholos plazan dago kokatuta; hain justu, San Anton mendiaren oinean.

Lizitazioak tabernaren kudeaketa 20 urtez esleitzea ahalbidetuko du, luzapena egiteko aukerarekin, eta berritzeko eta egokitzeko obrak egitea derrigorrezkoa izango da, espazioa "modernizatzeko eta zerbitzuaren beharrak betetzeko", zehazki.

Hori horrela, Jaurlaritzak nabarmendu du instalazioek "eguneratze integrala" behar dutela, espazioen banaketa, ekipamendua eta indarrean dagoen araudiari lotutako egokitzapenak hobetzeko, beti ere, eraikinaren egituraren ezaugarriak eta portu inguruneko integrazioa errespetatuz. Ekintza horrek "portuaren papera indartzea" eragingo du, herriarentzat jarduera ekonomikoa sortuz.

"Portua ez da soilik arrantzale edo nabigazio azpiegitura bat, baita gizarte eta ekonomia espazio bat ere. Lizitazio honekin kalitatezkoa, egonkorra eta udalerriarekin konprometitua den zerbitzu bat bermatu nahi dugu, lanpostuak sortuz eta urte osoan herriko bizitza dinamizatuz", adierazi du Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Portuen, Itsas Gaien eta Kostaldearen zuzendariak. Lehiaketan baloratuko dituzte lokalaren modernizaziorako aurreikusitako inbertsioa, lizitatzaileen ostalaritzako esperientzia, ustiapen plana, ordutegi zabaltasuna eta lan sorkuntzaren konpromisoa, bereziki, emakumeen, gazteen, 55 urtetik gorako enplegurik gabeko pertsonen eta funtzio aniztasuna dutenen kontratazioa.

Lizitazioaren ezaugarriak

Eremuak 300 metro koadro ditu, bi solairutan banatuta, baita 100 metro koadroko terraza bat ere. Proiektua abiarazteko beharrezko obrak lizitazioa esleitu eta lau hilabeteko epean egin beharko dira, lizitatzailearen kontura.

Gainera, sailak nabarmendu du portu politika autonomikoa ez dela soilik "azpiegituren kudeaketa teknikora" mugatzen. Izan ere, portuak "tokiko garapena, enplegua eta gizarte kohesioa" sortzen dituen espazioa izatea bilatzen du. Testuinguru horretan, lizitazio berriak "kudeaketa profesionalizatua, jasangarria eta interes publikoarekin lerrokatua" izatea du helburu.

Lehiaketaren oinarriak eta baldintzak Euskadiko Herri Kontratazioaren plataformako esleipen profilaren bidez eskura daitezke. Eskaintzak aurkezteko epea, aldiz, hiru hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunetik hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide