San Prudentzio-Askizurako errepidean oinezkoentzako bidea egiteko proiektua jendaurrean jarri du aldundiak

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 21a

Askizuko errepide zati horretan jarriko dute oinezkoentzako bidea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa da Loidi eta Zabalatxo baserrien arteko zatian egitea oinezkoentzako ibilbidea. Proiektua asteazkenean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta udalaren esanetan, "inguruko auzotarrek aspaldidanik eskatu duten segurtasun hobekuntzari erantzuten dio" egitasmoak. 

Getarian, Askizura doan errepidean oinezkoentzako ibilbidea egiteko proiektua du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta iragarkia asteazkenean argitaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean; hala, proiektua jendaurrean jarri da. Hilabeteko epea izango dute herritarrek, erakundeek eta interesdunek alegazioak edo iradokizunak aurkezteko. Dokumentazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuko bulegoetan (Donostian) eta Getariako udaletxean bertan egongo da ikusgai. Hemen ikus daitezke memoria eta planoak

Esku-hartzea, zehazki, Loidi baserriaren ondoren errepidera irteten den zatitik Zabalatxo baserriaren inguruetaraino egingo lukete. Sestra Ingeniería y Arquitectura SL enpresak idatzi du proiektua aldundiarentzat. Aurreikuspenen arabera, 120 metroko luzera eta 2 metroko zabalera izango duen oinezkoentzako ibilbidea egingo dute, galtzadarekiko paraleloan eta zintarri eta baliza zilindrikoen bidez trafikotik bereizita.

Lanen lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 99.819,17 eurokoa da, eta obrak egiteko aurreikusitako epea, lau astekoa. Obrak gauzatzeko, udalak jakinarazi du Getariako udalerrian dauden zenbait lurzati aldi baterako zein behin betiko okupatu beharko direla.

Udala, ados

"Helburua da gaur egun oinezkoentzat segurtasunik ez duen errepide zatian ibiltzeko baldintzak hobetzea", Getariako Udalak ohar bidez azaldu duenez. Errepide horrek N-634 errepidea eta Askizu auzoa lotzen ditu, eta gaur egun ibilbidearen zati batean oinezkoentzako bide bereizia badagoen arren, tarte jakin batean ez dago horientzako ibilbide segururik. Hori dela eta, ohikoa izaten da oinezkoak galtzadatik bertatik ibiltzea.

Getariako Udalak balorazioa ere egin du argitaratu duen oharrean. Positibotzat jo du proiektuaren tramitazioa hastea, eta gogorarazi du bidea 2024an hasi zutela udalak eta  Bide Azpiegituretako departamentuak. 

Udalaren arabera, aurreikusitako jarduketak "inguruko auzotarrek aspaldidanik adierazitako segurtasun arazo bati erantzuten dio". Proiektuaren helburua San Prudentzio-Askizu inguruan oinezkoentzako mugikortasuna seguruagoa eta erosoagoa izatea da, eta, aldi berean, auzoko eguneroko joan-etorrietarako baldintza hobeak bermatzea. "Proiektuaren exekuzioak aspaldidanik kezka sortu duen egoera konpontzea ahalbidetuko du, errepide zati horretan oinezkoen segurtasuna hobetuz. Horregatik, Udalak pozik hartu du proiektuaren tramitazioa abiatzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide