Basque Country Cup txapelketak hartu du gaur Getariako Malkorbe hondartza. Eguraldi bikainarekin ekin diote txapelketaren laugarren aldiari, 11:00 aldera. Ikusleak erakarri ditu ekitaldiak, eta horiek hondarretatik zein paseotik jarraitu dute hitzorduaren hasiera.
Txapelketa abiatzeko minutu gutxiren faltan, parte hartzaile guztiak urertzetik metro batzuetara kokatu dira, ilaran, epaileak irteerarako agindua eman zain. Behin ikurrina astindu duenean, ziztu bizian atera dira, lasterka, nor bere motoa hartu eta ibilbideari ekiteko.
Hala, lehenengo eguneko lehenengo etapari ekin diote: Getaria-Hondarribia-Getaria (70km) lasterketari, alegia. 15:30ean izango dute bigarren etapa: Endurance Getaria (40 min + lap 1). Txapelketak igandera arte iraungo du, eta egun bakoitzean bina etapa burutu beharko dituzte. Horrela, guztira 450 kilometro osatuko dituzte txapelketan zehar.
Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak (EUEMF) antolatu du lehiaketa Euskal Kirol Federazioen Batasunaren (EKFB) eta Euskal Selekzioaren laguntzarekin. Antolatzaileen esanetan, denboraldiko lehiaketarik "garrantzitsuenetako eta zailenetako" bat bihurtu da Basque Country Cup. Ondorioz, taldeek eta pilotuek "gorriz markatuta" izan ohi dute hitzordu hau, adierazi dutenez. Maila altuko pilotuak ari dira parte hartzen: esaterako, Frantziako, Estatu Batuetako, Portugalgo eta Italiako pilotuak ariko dira.
Ondorengoak dira egingo dituzten etapak:
- 1. Eguna, ostirala:
- 1. Etapa: Getaria-Hondarribia-Getaria (70km)
- 2. Etapa: Endurance Getaria (40 min + lap 1)
- 2. Eguna, larunbata:
- 3. Etapa: Getaria-Donostia-Mendexa-Mutriku (70km)
- 4. Etapa: Mutriku-Mendexa-Donostia-Getaria (70km)
- 3. Eguna, igandea:
- 5. Etapa: Getaria-Ea-Getaria (70km)
- 6. Etapa: Endurance Getaria (40 min + lap 1)