Uretako motoen txapelketa jokatuko dute asteburuan Getarian

Intza Trula 2026ko martxoaren 19a

Basque Country Cup uretako motoen txapelketa. (Guka)

Bihartik igandera iraungo du Basque Country Cup txapelketak, eta, guztira, sei etapa izango ditu. Besteak beste, Frantziako, Estatu Batuetako. Portugalgo eta Italiako pilotuek parte hartuko dute.

Basque Country Cup uretako motoen txapelketa jokatuko dute asteburu honetan, Getariako uretatik abiatuta. Hiru egun iraungo ditu txapelketak, hau da, bihartik igandera jokatuko dute, eta, guztira, sei etapa izango ditu. Maila altuko pilotuek parte hartuko dute: esaterako, Frantziako, Estatu Batuetako, Portugalgo eta Italiako pilotuak ariko dira.

Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak (EUEMF) antolatu du lehiaketa Euskal Kirol Federazioen Batasunaren (EKFB) eta Euskal Selekzioaren laguntzarekin. Antolatzaileen esanetan, denboraldiko lehiaketarik "garrantzitsuenetako eta zailenetako" bat bihurtu da Basque Country Cup. Ondorioz, taldeek eta pilotuek "gorriz markatuta" izan ohi dute hitzordu hau, adierazi dutenez.

Hori horrela, aipatu hiru egunetan sei etapa egingo dituzte, 450 kilometro inguru osatuz. Beraz, egun bakoitzeko bi etapa izango dira: lehenengoa 11:00etan hasiko dute, eta bigarrena 15:30ean. Aurretik, ordea, 09:30ean eta 14:30ean pilotuen nahitaezko briefingak egingo dituzte. Formatu horrek "erresistentzia, estrategia eta ingurune aldakor batera egokitzeko gaitasuna" uztartzen dituela dio antolakuntzak.

Ondorengoak dira egingo dituzten etapak: 

  • 1. Eguna:
    • 1. Etapa: Getaria-Hondarribia-Getaria (70km)
    • 2. Etapa: Endurance Getaria (40 min + lap 1)
  • 2. Eguna: 
    • 3. Etapa: Getaria-Donostia-Mendexa-Mutriku (70km)
    • 4. Etapa: Mutriku-Mendexa-Donostia-Getaria (70km)
  • 3. Eguna: 
    • 5. Etapa: Getaria-Ea-Getaria (70km)
    • 6. Etapa: Endurance Getaria (40 min + lap 1)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide