Salaketatik haratago: presioak, aukerak eta biktimen erabakiak izeneko hitzaldia eskaini zuten atzo arratsaldean Zarautz jauregian. Dozena bat lagun inguratu ziren bertara, Sortzen aholkularitza taldeko Sheila Melcon psikologo feminista zumaiarraren azalpenak entzuteko asmoz.
Hitzaldia udalak apirilaren 24an aurkeztuko duen eraso matxistak prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko diagnostikoaren eta herri protokoloaren aurrekari bezala koka daiteke. Dokumentu hori osatzeko hainbat saio egingo ditu udalak, herritarren nahiz herriko eragileen ekarpenak jaso eta horiek aipatutako protokoloan txertatzeko. Atzokoa izan zen horietan lehenengoa, gaiaren inguruan kokatzeko balio izan zuena. Hurrengoak martxoaren 23an—herriko talde eragileekin—, 24an —Gazte Asanbladarekin—, eta 31n —herritar ororentzat irekia izango dena—egingo dituzte. Zabalago begiratuta, Haritz Alberdi Getariako alkateak aipatu zuen protokoloa udalaren II. Berdintasun Planaren aurretik kokatzea erabaki dutela. "Duela bost bat urtetik lehen planarekin ibili gara, baina bigarrena osatu aurretik behar handiagoa ikusi dugu erasoen prebentzioan eta herri protokoloan sakontzeko. Herritar guztien iritzia behar dugu, beraz denak gonbidatu nahi ditugu saioetan parte hartzera", azaldu zuen.
Gaia kokatuta, Malconek hartu zuen hitza. Izotza apurtze aldera, Zarautz Jauregiko azken solairuan elkartu zirenak zein belaunalditakoak ziren galdetu nahi izan zuen, eta hori jakinda, indarkeria matxistaren inguruko historiaren errepaso laburra egin zuen. Bere esanetan, egungo egoera ulertzeko, "beharrezkoa baita nondik gatozen jakitea".
2004ko Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integralerako Neurriei buruzko Lege Organikoaren inguruan hitz egin zuen lehenik. Bere esanetan, lege hori baino lehenago "ez zegoen iritzi publikoan kokatuta genero indarkeriaren gaia, etxeko indarkeriarena baizik". Alegia, indarkeria matxista kasuak ez ziren delitu publikoak artean, eta beraz, "etxe kanpoko inork" ezin zuen horietan "eskua sartu". "Hori baino lehenago, ordea, nabari zitekeen gizartean mugimendu feministaren borroka, hala nola dibortzioaren edo abortuaren inguruan", esan zuen. 1997an bere senarrak erail zuen Ana Orantesen kasua aipatu zuen Malconek, eta bera kokatu zuen indarkeria matxistaren afera esfera pribatutik publikora igarotzearen aurrekarietako baten gisa. Aldi berean, Nevenca Fernandezen eta Angela Gonzalezen kasuak ere aipatu zituen, baita Alcarserko (Herrialde Katalanak) hiru emakume erailena ere. "2004ko legea eta gero, gizartea prestatzen joan da pixkanaka, eta gaur egun eraiki da sozialki biktimarentzat babes sistema bat: laguntzak daude salatu ala ez, gizarte zerbitzuak prest daude... Hori zen lege horren helburua, biktimaren babesa, eta ez horrenbeste erasotzaileei zigor gogorrak ezartzearena", zioen Malconek.
Genero arloko borrokan beste mugarri bati buruz sakondu zuen jarraian, Manadaren kasua, abusua eta erasoaren kontzeptuak mahai gainean jarri zituena. "Ordura arte ezezko esplizitu batek edo indarkeria fisiko bat existitu behar zen erasotzat ulertzeko, baina zer gertatzen da Iruñean bezala sumisio kimiko bat badago? Nola erakusten da baimena ez zela egon?", galdetu zuen. Eta zera gehitu zuen: "Gizarteak 2004ko legearekin ez zegoela ados esan zuen orduan, Manada kasuaz gain, orduan gertatu baitzen #MeeToo mugimendua. Gaur egunera ekarrita garbi ikus daiteke eztabaida publikoa baimen edo kontsentimentuan kokatzen dela: Rubiales, Dani Alves... Sexu-askatasunaren berme integralari buruzko Lege Organikoan hori da ideia nagusia: bai bakarrik da bai".
Jazarpen modu berriak
Hurrenkera historikoa errepasatuta, gaur egungo errealitateari buruzko gako batzuk eman zituen psikologo zumaiarrak. Bere esanetan, sare sozialak ari dira bihurtzen indarkerirako tresna nagusietako bat, eta hori garbi ikus daiteke, adibidez, Cristina Fallaras edota Sarah Santaolallaren kasuetan. Horregatik, beste behin azpimarratu zuen biktimari eskaini behar zaion babesa.