Elkanoren Lehorreratzean parte hartzeko izen ematea asteartean zabalduko dute

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 7a

Elkanoren lehorreratzea, artxiboko irudian.

Lehorreratzea abuztuaren 7an irudikatuko dute, eta azken urteotan bezala herritarrek parte hartu ahal izango dute ekitaldian. Juan Sebastian Elkano hil zela 500 urte beteko dira aurten. 

Abuztuaren 7an egingo dute aurten Juan Sebastian Elkanok, behin mundu bira egin eta gero, bere jaioterrirako itzulera irudikatzen duen lehorreratzea. Aurreko urteetan egin bezala, Getariako Udalak ateak zabalduko dizkie herritarrei hain maitea duten ekitaldi horretan parte hartzeko. 

Udalak gogoratu duenez, duela lau urte hausnarketa egin zuten ekitaldi horren inguruan, eta prozesu hark aldaketak eragin zituen. Hala, lehen egiten zuten kontinenteen irudikatzea giza multzoekin ordezkatu zuten, eta horrek aukera eman zien hainbat herritarri lehorreratzean parte hartzeko. 

Ontzian igoko ziren tripulanteak 21 izatea ere onartu zuten orduan, baita tripulante izateko aukera herritar guztiei zabaltzea. Horri esker, emakumeek ere parte hartu izan zuten lehendabizikoz. Aurten egingo duten lehorreratzean ere bide beretik jarraituko dute. Gaineratu du udalak ontzira igoko diren tripulanteetatik bederatzik lekukoa pasako dietela beste herritar batzuei. 

Guztira, 40tik gora lagun beharko dituzte antolatzaileek abuztuaren 7an egingo den lehorreratzerako: bederatzi pertsona aukeratuko dituzte ontzian joateko; beste 30 bat lagun beharko dituzte kontinenteak ordezkatzeko; eta beste zortzi bat lagun karrozan laguntzeko. 

Ekitaldian parte hartzeko gogoa duten getariarrek datorren asteartetik, hilak 10, martxoaren 24ra arte eman ahal izango dituzte izenak, Getariako turismo bulegoan. Izena emango duten guztien arteko zozketa apirilaren 13an egingo dute, eguerdiko 12:00etatik aurrera, udaletxeko pleno aretoan. Udalak iragarri du berdintasun irizpideak kontutan hartuko direla. 

500 urte Elkano hil zela

Aurten, gainera, 500 urte beteko dira Juan Sebastian Elkano hil zenetik. Mendeurren hori dela eta, ekitaldi sorta prestatu ditu Getariako Udalak, bi helbururekin: "Elkano eta garaiko itsas historiaren inguruko ezagutza zabaltzea eta, aldi berean, herritarren parte-hartzea sustatzea".

Honakoak dira antolatutako ekitaldiak:

  • Martxoaren 10etik 24ra. Lehorreratzean parte hartzeko zerrendak irekiko dira (tripulazioa, kontinenteak eta karroza gidariak).
  • Martxoak 18. Getariako jubilatuentzat doako irteera Euskal Itsas Museora: Elkano-Urdaneta Ozeanoen Aurkikuntza bisita gidatua eta esperientzia.
  • Martxoak 31. Getariako gazteentzako doako irteera Euskal Itsas Museora: Elkano-Urdaneta Ozeanoen Aurkikuntza bisita gidatua, tailerra eta esperientzia.
  • Apirileko azken hamabostaldian:
    • Daniel Zulaikak Elkanoren azken egunak liburua aurkeztuko du.
    • Enrique Santamariak bere tesiaren zati baten aurkezpena egingo du: Elkano eta bere familia.
  • Maiatzak 24. Doako bisita gidatua Albaola Euskal Itsas Faktoriara eta San Juan baleontzira (izen-ematea zabalduko da).
  • Uztailak 26. Elkano, Itsas parrilen ekitaldia.
  • Abuztuak 7. Elkanoren Lehorreratzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide