Indarkeria matxista jasan osteko prozesuak izango dituzte mintzagai ostegunean

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 9a

Getariako Zarautz jauregia.

Indarkeria matxista jasan osteko prozesuak asko eta askotarikoak izan daitezkeela nabarmenduko dute ostegun arratsaldeko hitzaldian. Sortzen aholkularitza taldea arduraduko da saioa dinamizatzeaz.

Salaketatik haratago: presioak, aukerak eta biktimen erabakiak izeneko hitzaldia eskainiko dute Sortzen aholkularitza taldeko adituek ostegun honetan Getariako Zarautz jauregian. Indarkeria matxista bizi duten emakumeen errealitateari eta askotan ikusezin bihurtzen diren erabaki prozesuei buruz hausnartzeko helburua izango du 18:30ean hasiko den saioak.

Hitzaldia Getariako Udalak antolatu du, eta erakunde horrek datozen hilabeteetan garatuko duen lanketa zabalago baten baitan kokatzen da; hain zuzen ere, eraso matxistak prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko diagnostikoa eta herri protokoloa lantzeko prozesuaren barruan.

Udalak azaldu duenez, indarkeria matxistaren testuinguruan, emakume askok presio ugari jasaten dituzte: salaketa jartzeko, modu jakin batean erantzuteko edo egoerari berehala irtenbidea emateko. "Askotan, kanpotik espero diren erantzunek ez dute kontuan hartzen biktimen egoera pertsonala, beldurrak, dependentziak edota bizi dituzten baldintza sozial eta emozionalak", ohartarazi du erakundeak.

Horregatik, indarkeria matxistari aurre egiteko prozesu anitzei erreparatuko diote osteguneko hitzaldian. Emakume bakoitzak bere prozesua egiteko eta bere erabakiak hartzeko eskubidea du, presiorik gabe eta epairik gabe", berretsi du udalak.

"Begirada feministatik, salaketatik harago dauden aukerak landuko dira, arreta jarriz laguntza sareek, instituzioek eta komunitateak izan dezaketen paperean. Era berean, gogoeta egingo da gizarteak berak —askotan nahi gabe— sortzen dituen presioen inguruan, eta indarkeria matxistaren aurrean benetako babesak zer esan nahi duen aztertuko da: entzute aktiboa, ulermena eta biktimen erritmoak errespetatzea", esplikatu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide