Paisaiaren bioingeniaritzako teknikak aplikatu dituzte Malkorbeko ezponda egonkortzeko

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 3a

Jaurlaritzako, aldundiko eta udaleko ordezkariak eta lanen arduradunak, gaur eguerdian Malkorben. (Onintza Lete Arrieta)

Getariako esku hartzea bezalakoak "naturan oinarritutako konponbideen bidez klima aldaketara egokitzeko modu zuzena" direla nabarmendu du Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak gaur eguerdian Getariara egindako bisitan. Haritz Alberdi alkatea eta Jakes Agirrezabal Turismo eta Merkataritzako sailburuordea ere Malkorben izan dira. 

Paisaiaren bioingenieritzako teknikak aplikatu dituzte Getarian Malkorbeko ezponda egonkortzeko, eta gaur eguerdian tokian bertan elkartu dira erakundeetako ordezkariak eta lanak egin dituen enpresako kideak, egindako esku hartzeari buruzko azalpenak emateko. Esku hartzea, zehazki, portura sartzeko bidearen ondoan egin dute, plazara igotzeko eskaileren ondoko bi eremutan. Ingurune "bereziki sentikorra" dela azaldu dute, eta lurraren maldak eta uraren eraginak higadura, luiziak eta lerradura txikiak eragiten dituztela.

Lanak Parque y Jardines de Abadiano SA enpresak egin ditu, 49.000 euro kostatu dira, eta Europako Funtsekin finantzatu dituzte. Ezponda egonkortzeko eremuetako batean egurra eta landareak erabili dituzte, 60 metro koadro inguruko azaleran. "Bioingeniaritzako tekniken aldeko apustua egin da, egitura eta landare konponbideak konbinatuta, itsaslabar-ekosistema berreskuratzeari lehentasuna emanez", nabarmendu dute.

Egur bizia eta landareak erabili dituzte labarra egonkortzeko lanetan. (Onintza Lete Arrieta)

Horretarako egur biziak eta landare hesiak jarri dituzte, "jariatze-uraren energia barreiatzeko, higadura kontrolatzeko eta lurra sendotzen laguntzeko". Labarren inguruan zuhaixka eta zuhaitz espezie autoktonoak erein eta landatu ere egin dituzte.

Herrian aurrenekoz

Azpiegitura berria ikusten Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatua, Jakes Agirrezabal Turismo eta Merkataritzako sailburuordea eta Haritz Alberdi Getariako alkatea izan dira. Alberdi gustura agertu da esku hartzearekin, eta nabarmendu du herrian aurreneko aldiz erabili dutela teknika hori, eta jasangarritasunaren ikuspuntutik, ohiko ingeniaritza baino aurreratuagoa dela. "Udalak apustu hori egin nahi izan du, erronka ere bazena, eta bidean, aldundiaren dirulaguntza atera zen", azaldu du. Hala, hiru instituzioen arteko elkarlanari ere garrantzia eman nahi izan dio Alberdik, baita Asensiok ere.  Azken horrek nabarmendu du halako esku hartzeak "pertsonak babesteko eta, aldi berean, naturan oinarritutako konponbideen bidez klima aldaketara egokitzeko modu zuzena" direla.

Agirrezabalek, berriz, kontatu du turismo jasangarria aipatzen denean "zerbait abstraktua" dirudien arren, Getariakoa bezalako "eguneroko ekintzez" ari direla hizketan erakundeak, eta Jaurlaritzaren ustetan malda egonkortzeko bide hau aukeratu izana "asmatzea" dela, "halako egitasmoak gehitu ahala, gure herria turistentzat ere jasangarriagoa eta erakargarriagoa izango delako". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide