Premia larriko edo gizarte bazterkeria egoerak arintzeko dirulaguntzen deialdia zabaldu du Getariako Udalak

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 27a

Getariako udaletxea eta Kale Nagusia. (Guka)

Laguntza osagarri hori eskatzeko epea azaroaren 30era arte egongo da zabalik.

Getariako Udalak martxan jarri du premia larriko edo eta gizarte bazterkeria egoeran dauden herritar eta familiei dirulaguntzak emateko 2026ko deialdia. Guztira, 10.000 euro bideratuko ditu udalak. Izan ere, laguntza hori Eusko Jaurlaritzak eta udalek kudeatzen dituzten Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL-AES) osagarria da, eta tokiko babes sarea indartzea du helburu, bestelako laguntzek estaltzen ez dituzten egoerei erantzuna eman ahal izateko.

"Udalaren aurrekontuetan aurreikusitako baliabideekin, herritarren oinarrizko beharrei erantzuten lagundu nahi zaie, gizarte bazterketa egoerak arindu eta ongizatea sustatzeko", nabarmendu du udalak. Laguntzak 2023an onartutako ordenantzan ezarritako baldintzen arabera emango direla gaineratu du, bertan jasotako betekizunak betetzen dituzten eskatzaileen artean.

Udalak gogorarazi du dirulaguntzak 2026. urtean egindako gastuei lotuta izango direla, eta ordainketa, gastuak behar bezala justifikatu ondoren egingo dela. Laguntzen ebazpena alkatearen ebazpen bidez emango da, eta gehienez hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Eskaerak aurkezteko epea

Laguntza eskatzeko epea azaroaren 30era arte egongo da zabalik, eta eskabideak honela aurkeztu ahal izango dira: udaletxeko harrera bulegoan, aurrez aurre; bide elektronikoz, ziurtagiri digitala erabilita; udal webgunearen bidez; edo 39/2015 Legeak aurreikusitako gainerako erregistroetan.

Ez dago eskaera orri espezifikorik; eskaera orokor baten bidez egin beharko da laguntza eskaera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide