Getariako Udalak martxan jarri du jada 25. Literatura Lehiaketa. Hain zuzen ere, LH3. mailatik gorako getariarrek martxoaren 30era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte lanak; ipuinak, bertsoak edo olerkiak aurkeztu ahalko dituzte horiek.
Zazpi mailatan banatuko dituzte lanak aurtengoan: LH 3. mailakoenak; LH 4. mailakoenak; LH 5. mailakoenak; LH 6. mailakoenak; 12-14 urte artekoenak; 14 eta 16 urte bitartekoenak; eta 16 urtetik gorakoenak. Gai librean idatzi ahal izango dituzte herritarrek lanak, euskaraz, eta horiek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Oinarri guztiak honako lotura honetan irakur daitezke.
Epaimahaia Iturzaeta Herri Eskolako, Artzape Euskara Elkarteko, Udal Liburutegiko eta udaleko Euskara Batzordeko ordezkariek osatuko dute. LHko ikasleen mailetan, ipuinen modalitatean, bi sari banatuko dituzte. 12 urtetik gorako mailetan, berriz, maila eta modalitate bakoitzeko –ipuinak eta olerkiak edo bertsoak– sari bana emango dute, eta 16 urtetik gorakoen arteko modalitate bakoitzeko irabazleak 150 euro eskuratuko ditu.