Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailak Getariako portuko arrantzaleen kaia konpontzeko eta indartzeko lanak egingo ditu. Erakundeak jakinarazi duenez, hil honetan bertan hasiko dituzte obrak. Guztira, 1.514.166 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta urtebeteko epean exekutatzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak.
Erakundeak azaldu du 2020. urtean egindako ikuskapenetan antzeman zutela "kalteak oso aurreratuta" zituela kaiak, eta egoera hori iraultzeko asmoz, obra proiektu bat idatzi zutela hura konpontzeko eta indartzeko. Hori hala, hainbat lan egingo ditu erakundeak proiektuaren barruan: kaiaren oinarriak urpeko hormigoiz indartuko dituzte; hondoa finkatuko dute eta horma bertikalki lotu; kaiaren horma berregokituko dute; eta zirrikituak konpondu eta bertan dauden hutsuneetan harlandua berrituko dituzte.
Arrantzaleen kaia mendeetan zehar Getariako portuaren eta arrantza jardueraren nahiz Gipuzkoako kostaldearen zati handi baten "ardatza" izan dela azaldu du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak. "Nahiz eta jarduera gehienak kanpoko nasara eraman diren, barruko kaiak garrantzia handiko espazioa izaten jarraitzen du itsasontzi txikientzat, mantentze nahiz hornikuntza lanak egiteko eta egonaldiko operazioak gauzatzeko".
Erakundeak egindako ikuskapenetan, era berean, aintzat hartu dute itsas mailaren balizko igoera, eta egiaztatu dute gaur egun kaiak duen goiko kota "egokia" dela azpiegituraren segurtasuna eta funtzionaltasuna bermatzeko. "Obrek indartu egiten dute Eusko Jaurlaritzak portu seguruak eta iraunkorrak bermatzeko duen konpromisoa. Jarduera ekonomiko tradizionalarekin eta klima aldaketak planteatzen dituen erronkekin bateragarriak dira lan horiek, eta, aldi berean, portuaren eta Getariako udalerriaren arteko harremana indartzen dute", adierazi du sailburuak.