Getarian jokatuko dute Euskal Herriko XVII. Mus Txapelketako kanporaketetako bat

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 11

Pertsona bat museko kartekin.

Ostiral honetan jarri dute hitzordua. Finala, berriz, martxoaren 28an izango da, Amasa-Villabonan (Gipuzkoa). 

Martxan da Euskal Herriko XVII. Mus Txapelketa, eta Getarian jokatuko dute kanporaketetako bat etzi, otsailak 13, ostirala. Jubilatuen egoitzan jarri dute hitzordua, 22:00etan. Parte hartzeko 20 euro ordaindu beharko dira bikoteko, eta txapelketako arauak eskuragarri daude ehmus.eus webgunean. 

Behin kanporaketak igarota, Euskal Herriko herrialde bakoitzeko finalak egun berean jokatuko dituzte, denak martxoaren 7an, larunbatarekin. Final nagusia, berriz, Euskal Herri mailakoa, martxoaren 28an izango da, hori ere larunbatarekin, Amasa-Villabonan (Gipuzkoa). 

Euskal Herriko txapeldunek txapela, garaikurra, 3.000 euro dirutan eta Karibera bidaia bat irabaziko dute. Txapeldunordeek, garaikurra, 1.500 euro, eta beste bidaia bat, horiek ere Karibera, eta hirugarren bikoteak 750 euro dirutan, eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat. Sari gehiago ere izango dira aurreneko hamasei bikote onenentzat. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide