Foru gobernuak bilkura egin du gaur goizean Getarian, Zarautz jauregian, hain zuzen ere. Aldundiak abian jarritako Kontseilu ibiltariaren hogeigarren bilkura izan da gaurkoa. Ekimen horren helburua, diputatuen kontseilua "Gipuzkoa plazatik, Gipuzkoako plazetara" eramatea dela nabarmendu du Eider Mendoza diputatu nagusiak, behin bilkura amaitu eta gero, komunikabideei esandako hitzetan. Aldundiaren iritziz, Kontseilu ibiltariak baliagarriak dira lurraldeko udalerrien erronkak eta proiektuen gauzatzea hurbiletik ezagutzeko.
Goizeko 10:00etan hasi dute bilkura eraberritutako Zarautz jauregian. Lehenbizi, Getariako hautetsiekin bildu dira diputatua, eta Haritz Alberdi Getariako alkatearen eta udalean ordezkatutako zinegotzien eskutik, herriak dituen beharrak ezagutu ditu Foru gobernuak. Ondoren, lurraldeari dagozkion zenbait neurri eta erabaki onartu dituzte diputatuek. Getariakoa bezalako bilkura ibiltariekin jarraitzeko asmoa erakutsi du Mendozak, lankidetza bultzatzen jarraitu eta erakunde maila desberdinen arteko sinergiak indartzeko.
Biek ala biek, Eider Mendozak zein Haritz Alberdik, erakundeen arteko lankidetzaren aldeko iritzia plazaratu dute. "“Erakundeok elkarrekin lan egiten dugunean, gure komunitateari zuzenean mesede egiten dioten eta haren garapena indartzen duten neurriak eta proiektuak bultzatzeko gai gara", adierazi du diputatu nagusiak, eta Zarautz jauregian egindako lanak jarri ditu horren adibide. Ideia berean sakondu du Alberdik, eta harremana eta elkarlana, "Getariak eta gizarteak orohar beharrezkoa ditun jarduna" direla esan du. "Praktika on hori bilatu eta josten denean herri onura duten egitasmo publikoak aurrera ateratzen dira", azpimarratu du.
Bisitak bilkuraren amaieran
Bilkuraren ondoren, Salbatore elizan egiten ari diren induskaketak ezagutu dituzte, baita Zarautz jauregia bera bisitatu ere. Izan ere, Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu duenez, 1,4 milioi euro bideratu ditu aldundiak jauregiaren eraberritze lanetara eta bertan jasoko den proiektu museistikoa garatzera. Justu datorren astean, otsailaren 19an, inauguratuko dute ofizialki Zarautz jauregian Elkanoren mundubiraren harira ondu duten Mundubira Espazioa museo berria.