Getarian etxe hutsak dituzten 281 jabeen zerrenda argitaratu dute gaur Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta beraz, ohiko bizileku ez diren etxebizitzen gaineko errekargua aplikatzeko prozedura hasi du Getariako Udalak. Hala ere, errekargua ez aplikatzeko baldintzak betetzen dituztela uste duten jabeek hogei eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko, eta gero udalak emango du behin betiko ebazpena.
Etxebizitza hutsen arazoari aurre egiteko nahiz herrian etxebizitza erabilgarri gehiago izan daitezela sustatzeko helburuarekin, Getariako Udalak 2026ko Ordenantza Fiskalak onartu zituen iazko irailean egindako udalbatzarrean. Ordenantza horren baitan, etxebizitza hutsei Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren (OHG) bidez errekargua aplikatzeko prozedura martxan jartzea onartu zuen udalak.
Udalaren datuen arabera, 281 etxebizitza huts daude herrian, hau da, bizitokien %19,1ean ez dago inor erroldatuta. Higiezin horien jabeen zerrenda argitaratu dute gaur Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta interesa duten herritarrek udaleko arreta bulegoan izango dute zerrenda kontsultatzeko aukera. Gaurtik aurrera eta hogei eguneko epean, alegazioak aurkezteko aukera izango dute lista horretan azaltzen diren pertsonek, eta alegazioak aztertu ostean, errekargua ez aplikatzeko baldintzak betetzen dituzten ala ez ebatziko du udalak.
Behin betiko ebazpenak emanda daudenean, etxebizitza huts gisa sailkatutako higiezinei Ondasun Higiezinen Gaineko zergaren %100eko errekargua aplikatuko zaie. Erakundeak adierazi duenez, neurri hau "etxebizitza erabilgarriak sustatzeko politika fiskalen barruan kokatzen da", eta "erabilerarik ez duten etxebizitzak merkatura ateratzea eta herriko etxebizitza parkea aktibatzea du helburu".
Pizgarri fiskalak
Hala ere, Bizigune programan parte hartzen duten jabeek %95eko hobaria izango dute. Horrek, udalaren ustez, "onura ekonomiko zuzena eskaintzeaz gain, berme eta segurtasun handiagoa emango die jabeei", izan ere, alokairuaren kobrantza bermatuta izango dute hilero, eta horrez gain, Bizigune arduratuko da maizter egonkorra hautatzeaz, mantentze lanak egiteaz eta kudeaketa administratiboa errazteaz. Alokairu sozialaren bidez herriko etxebizitza parkea indartzea bilatzen du udalak pizgarri fiskal horien bitartez.