Bost autorek egingo dituzte idazketa egonaldiak Getariako eta Lesakako ostatu banatan

Julene Sorarrain 2026ko urtarrilaren 30a

Ane Labaka idazlea. (utzitakoa)

Hain zuzen ere, Oihana Arana, Ane Labaka, Josu Ozaita, Iban Garro, eta Ilargi Aristondo idazleek egonaldi bana egingo dute Getaria eta Lesakako ostatuetan. 

Epaimahaikideek jakinarazi dute jada zeintzuk izango diren Getaria eta Lesakako (Nafarroa) ostatuetan idazketa egonaldi bana egingo duten idazleak. Aurkeztutako zortzi proiektuetatik, sormen prozesuan dauden poema bilduma bat, eleberri bat, etnografia lan bat, elkarrizketa, narratiba eta poesia uztartuko dituen lan bat eta saiakera bat hautatu ditu epaimahaiak. 

Oihana Arana da aukeratutako autoreetako bat, eta bere lana garatuko du otsailaren 2tik 7ra bitartean Lesakako Pikukoborda ostatuan. Aranak doluan dagoen pertsona baten egunerokotasuna kontatzen du bere obran. Proiektua amaiera fasean dago eta udaberrirako aurreikusten du lanaren argitalpena. 

Ane Labakak Getariako San Prudentzio hotelean egingo du egonaldia, martxoan hasita. Hain zuzen ere, Itzuri eleberria garatuko du egonaldian. Bi denbora lerro harilkatzen dira eleberrian. Helduarora iritsita, egunerokotasunaren itxurazko lasaitasunaren azpian sortzen diren tentsioak eta agindu sozialak aztertzen dituen eleberria da. Lau urtarotan zehar, galerak, loturak eta identitatea berrantolatzeko prozesua kontatzen du narrazioak.

Josu Ozaitaren kasuan, egonaldia Getariako Saiaz hotelean egingo du, baita martxoan ere. Ozaitak Etnografia Getarian lana garatzeko baliatuko du egonaldia, parrillaren eta itsasoaren inguruko bizimoduak, jakintzak eta atmosferak aztertzen dituen etnografia, tesi baten baitan eta Jose Miguel Barandiaran Katedraren laguntzarekin.

Iban Garrok Getariako KatuKale apartamentuan egingo du sormen egonaldia, eta Begiak kentzen dizkidazu lana garatzen ariko da azaroan. Lan horretan, nerabezaroan gertatzen den eskola jazarpena da landu eta hausnartzen duen gaia, bai jazarriaren bai jazarlearen ahotsetik. Idazleak elkarrizketa, narratiba eta poesia uztartuko ditu bertan, kontakizun berari hiru dimentsio emateko, bi kokapen nagusitan girotutako kontakizunean.

Azkenik, Ilargi Aristondo Antropologia graduko doktoregaia lantzen ariko da Lesakako Ekaitza ostatuan, azaroaren 15etik 20ra bitartean. Proiektu honek gizakien eta suaren arteko harremana aztertzen duen saiakera bat proposatzen du, Euskal Pirinioetan egindako suaren ikerketa antropologikoan oinarrituta. Egonaldian, landa lanean jasotako testigantzak eta material etnografikoa berridatziko ditu Aristondok, idazkera akademikotik aldendu eta hizkuntza narratiboago baten bidez publiko zabalago bati zuzendutako liburuxka batean plazaratzeko, zehazki.

Egitasmo hau Getariako eta Lesakako udalek jarri dute martxan herriko hainbat ostalarirekin batera. Irabazi asmorik gabeko egitasmoa da, eta "herriko turismo baliabideak kultur sortzaileen eskura jartzea eta euskarazko idatzizko sorkuntza bultzatzea" ditu helburu. Hori horrela, urte amaieran iragarriko dute hurrengo deialdia, 2027. urtean beste idazketa egonaldiak aurkezteko, hain justu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide