Getaria bizitegi merkatuko tentsio eremu izendatzeko eskatu du udalak. Atzo izan zen ohiko udalbatzarra, eta beste zenbait gairen artean aztertu zuten neurria; aho batez onartu zuten izendapen eskaera. Eusko Jaurlaritzak onartu beharko du orain.
Haritz Alberdi Getariako alkateak eman zituen orain artean emandako pausoak. Batetik, gogorarazi zuen Getaria tentsio handiko eremuaren barruan kokatu zutela Eusko Jaurlaritzak iazko maiatzean. Gislan kooperatiba arduratu da azken hilabeteotan gaiaren inguruko justifikazio memoria, ondorioak eta ekintza plana idazten, eta txosten horietan bildutako puntu nagusiak azaldu zituen gero alkateak.
Alokairuen prezioen igoera aipatu zuen lehenebizi: 2018tik 2023ra artean % 22,4ko igoera izan dute herriko etxebizitzen alokairuek. Eta horri gehitu behar zaio KPIaren % 14ko igoera. Alberdiren hitzetan, arlo horretan “nabarmen” gainditzen ditu Getariak tentsio eremu izendatzeko prezioen mugak.
Ahalegina da aztertutako beste puntuetako bat. Batez beste, % 25,3koa da, baina Gislanen azterlanaren arabera, kolektibo zaurgarrien eta emakumeak buru dituzten familien ehunekoa altuagoa da.
Txostenaren ondorio nagusiak aletu zituen gero alkateak: azken 25 urteotan % 6,6 igo da bizikidetza unitate kopurua herrian; 2,42koa da orain, batez beste. Gazteen irteeraz ere aritu da Gislan txostenean. Getariatik kanpo bizitzera joaten diren herritarren % 29ak 20 eta 34 urte artean ditu, eta uste dute etxebizitzen prezio altuak eragina izan dezakeela horretan. Bigarren etxebizitzen edota turismora bideratutakoei buruzko datuak ere bildu dituzte. Guztira, inor erroldatu gabeko 281 etxe daude Getarian.
Ekintza planean zenbait asmo jaso dituzte, eta horien nondik norakoez aritu zen gero Alberdi. Alokairu eskuragarria sustatzea da lehen puntua, eta helburu horren barruan kokatu zituen alkateak Potzuaga gaineko babes ofizialeko etxebizitzen sustapena eta Eskualtxetako proiektua. Neurri fiskalei dagokiena da beste ardatz bat: 2026tik aurrera etxebizitza hutsei % 100eko gainkarga ezartzea proposatu dute ekintza planean, Bizigune programan parte hartzen dutenei izan ezik. Horiek % 95eko hobaria izango lukete.
Etxe turistikoak mugatzea
Etxebizitza turistikoen merkatuari mugak ezartzea da beste neurrietako bat. Pisu turistikoak ezarri nahi dituzten eraikineko bizilagunen hiru bostenen baiezkoa beharko dute, batetik. HAPOaren lanketaren bitartez, bestetik, etxe turistikoen lizentzia guztiak etengo dira. Hori udaberri aldean gertatzea espero du Getariako Udalak.
Alokairurako dirulaguntzen eta prestazioen mugak berrikusteko konpromisoa ere hartuko du udalak, eta baita erakunde desberdinen bitartez Bizigune programa sustatzekoa ere.