Getariako Udalak Sahatsaga kiroldegiko pista estalian skatepark modular berria hornitu eta instalatzeko kontratazio prozedura jarri du martxan. Proiektua 2026ko udal aurrekontuek aurreikusten duten inbertsioaren parte da, eta aurrekontuak behin onartuta, lizitazio honekin proiektuari hasiera eman zaio. Helburua da herritarrei "aisialdirako eta jarduera fisikorako gune seguru eta egoki bat" eskaintzea.
Proiektuak 40.000 euroko lizitazio aurrekontua du (BEZa barne). Esleipena prozedura ireki sinplifikatuaren bidez egingo da, eta eskaintzak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira.
Eskaintzak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa da, eta kontratuaren exekuzio epea lau astekoa izango da, kontratua formalizatu ondorengo egunetik aurrera. Era berean, esleipendunak behin betiko bermea jarri beharko du, kontratuaren azken prezioaren %5ean, hain justu.
Proiektuaren ezaugarriak
Skateparka elementu modularrez osatuta egongo da, hormigoi aurrefabrikatuan edo antzeko materialetan egindako egiturekin, "iraunkortasuna eta mantentze baldintza egokiak" bermatzeko. Halaber, instalazioak errail zuzena, jauzietarako bi modulu bikoitz eta arrapala baxu bikoitza izango ditu.
Elementu guztiek segurtasun arau aplikagarriak bete beharko dituzte, eta modulu bakoitzak bere erabilera eta segurtasun jarraibideak izango ditu. Gainera, moduluak fenwick eskorga edo antzeko ekipamenduarekin erraz lekualdatzeko modukoak izango dira, kiroldegi kanpoko pistaren erabilera anitzeko izaera errespetatuz.
Udalak nabarmendu du skatepark berriak "udalerriko kirol eta aisialdi eskaintza indartzea eta herritarrei espazio moderno, segurua eta kalitatezkoa eskaintzea" duela helburua.