Elan-Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak 31. jardunaldiak prest dituela iragarri du. Zine forum saioa eta solasaldia antolatu ditu aurten, eta hitzordua datorren asteazkenean izango da, hilaren 28an. Zarautz jauregiko aretoan elkartuko dira 19:00etan, eta aurtengo gaiak Hego Amerikako herrialde bateko talde indigena bat izango du protagonista; zehazki, Guatemala ekialdeko xinka indigenek beren ur iturria babesteko egiten duten azterketa eta lana.
Gaia gertuagotik ezagutzeko Tekuanak, uraren xinka gordetzaileak izeneko ikus-entzunezkoa ikusiko dute aurrena. Ignacio Deceregak zuzendutako lanak 51 minutuko iraupena du, eta gaztelaniaz izango da. "Gazte, zientzialari eta zientzialari xinkak Guatemalako Los Esclavos ibai sinbolikoaren arroko uraren jarraipena egiten ari dira. Uraren eta lurraldearen defentsak uraren eta naturaren zaindari bihurtzen ditu, baita mehatxupean dagoen kultura batena ere", azaldu dute dokumentalaz.
Ondoren, Oxfam Intermon erakundeko kide batek hartuko du hitza, bertaratzen direnekin solasean jarduteko gaiaren inguruan. Izaskun Marinek hartuko du hitza, Elan-Euskadiko kideek azaldu dutenez.
Gobernuz kanpoko Getariako erakundeak joan den ekainean egin zituen 30. jardunaldiak. Munduko bi puntatako gaiak landu zituen orduan, batetik, Euskal Herrian kokatzen den Faisanen irla filma proiektatu zutelako, eta bestetik, Afganistango emakumeen egoeraz aritu zirelako solasaldian.