Bi palmondo kendu ditu Getariako Udalak, "pikudo gorriaren hedapena saihesteko"

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 15a

Egunotan eraitsitako palmondoetako bat. (Getariako Udala)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamentuak eman dio egoeraren berri udalari, eta horrek enpresa aditu bat kontratatu du lanak egiteko. Gainera, inguruko zuhaitzak tratatu dituzte izurria ez dadin zabaldu. 

Getariako Udalak herriko bi palmondo kendu behar izan ditu Malkorbe hondartza aurreko errepide albotik, Rhynchophorus ferrugineus izeneko intsektuaren –pikudo gorria izenez ezaguna– presentzia detektatu duelako Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamentuak. Intsektu horrek palmondoen izurrite larria eragiten du, eta Penintsulako espezie exotiko inbaditzaileen katalogoan sartuta dago.

Udalak azaldu du pikudo gorria palmondoaren barruan bizi eta elikatzen den kakalardo bat dela, eta horrek zaildu egiten duela haren presentzia hasierako faseetan antzematea. Hala ere, zenbait sintoma ager daitezke, besteak beste: hosto gazteetan zuloak edo haginkadak, hostoen galera, palmondoaren itxura asimetrikoa, koroaren erdialdeko hostoen lehortzea edota deskonposizio usaina. Larbek enborrean galeriak zulatzen dituzte, eta horrek palmondoa ahuldu eta, kasu larrietan, heriotza eragin dezake.

6.000 euroko gastua

Getariako kasuan, egindako azterketen ondoren, bi palmondoen egoera oso larria zela egiaztatu dute, eta ezinezkoa izan da haiek berreskuratzea. Horregatik, eta izurria gehiago ez hedatzeko, bi palmondoak kentzea erabaki da. Udalak enpresa aditu bat kontratatu du horretarako, eta 4.321 euroko kostatu da. 

Horrez gain, bota ez diren palmondoen alboan dagoen beste zuhaitzean prebentziozko esku-hartzea egingo du, endoterapia bidezko tratamendua aplikatuta. Tratamendu hori hiru momentutan egingo da, zuhaitzaren osasuna babesteko eta balizko kutsatzeak saihesteko helburuarekin. Jarduketa horren kostua 1.765 eurokoa izango da.

Aurrerantzean egoeraren jarraipen estua egiten jarraituko du udalak, eta beharrezkoak diren kontrol  eta prebentzio neurriak hartzen segituko du pikudo gorriaren hedapena saihesteko. 

Gainera, herritarrei dei egin die palmondoetan ohikoak ez diren sintomak antzemanez gero dagokion zerbitzuari jakinarazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide