Zabaldu dute Getariako Inauterietako kartel lehiaketan lanak aurkezteko epea

Maria Maya Manterola 2026ko urtarrilaren 13a

Getariako Inauterietako artxiboko irudi bat. (Guka)

Otsailaren 3ra bitarte aurkeztu ahal izango dira lanak. Edozein getariarrek izango du parte hartzeko aukera.

Getariako Inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du udalak beste urte batez. Oinarrien berri ematearekin batera, jakinarazi dute otsailaren 3ra bitarte jasoko dituztela proposamenak. Udalak zehaztu duenez, egun horretako 19:00etan itxiko dute lanak aurkezteko epea. Udaletxean bertan edo liburutegian jasoko dituzte.

Adin guztietako getariarrek parte hartu dezakete lehiaketan, eta Getaria eta inauteriak dira gaia. Kartelak Getariako Inauteriak 2026 testua izan beharko du nahitaez, eta idazten ez dakiten haurrek hutsik utzi beharko dute, edo beren kasa idatzi, helduen esku hartzerik gabe. 

Gehienez ere, bi lan aurkeztu ahal izango ditu herritar bakoitzak lehiaketara. Edozein modalitate artistikotan sortutako lanak onartuko dituzte –16 urtera artekoek izan ezik; horiek, eskuz egin beharko dute–, A3 neurrian. Lanak egileen sinadurarik gabe aurkeztu beharko dira, eta egilea, telefono zenbakia eta adina gutun azal batean sartu, kartelaren izenburu bera adierazita. 

Kultura Batzordeak, herriko artistek eta eskolako irakasleek osatuko dute epaimahaia. Bost sari banatuko dituzte: haurrentzat –2-5 urte, LH1-3, LH4-6– opari bat izango da saria. 12-15 urte artekoetan, berriz, irabazleak 60 euro jasoko ditu. 16 urtetik gorakoen artean, azkenik, irabazleak 150 euro jasoko ditu. Kartel irabazleak udalaren esku geratuko dira, eta aurkeztutako guztiak ikusgai izango dira otsailaren 9tik 17ra artean udaletxeko sarrera nagusian. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide