Maila ona erakutsi dute Getariako batelek Gipuzkoako ligako estreinaldian

Julene Sorarrain 2026ko urtarrilaren 11

Badok13 Orio beteranoen taldeak antolatuta jokatu dituzte Gipuzkoako Batel Ligako lehenengo estropadak gaur goizean, Orioko errioan. Bertan izan dira Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako ontziak, eta oro har, emaitza onak eskuratu dituzte.

Urola Kostako arraun taldeek gaur abiatu dute Gipuzkoako Batel Liga, Orioko errioan. Hain zuzen ere, gaur goizean jokatu dituzte lehenengo estropadak, Badok13 Orio beteranoen taldeak antolatuta. Guztira, 80 batel aritu dira lehian zortzi kategoriatan banatuta, adinaren eta sexuaren arabera. 

Lehenengo jardunaldiak utzitako sailkapenei erreparatuta, emaitza onak lortu dituzte eskualdeko arraunlari gazteek. Esaterako, Orioko mutilek graipena lortu dute infantilen, promesen eta absolutuen mailatan. Zarauztarrak ere lehiakor aritu dira, eta neskek garaipena lortu dute absolutu mailan.

Zumaiak eta Getariak ere lortu dituzte emaitza onak. Mutilen promesa mailan, esaterako, bigarren postua lortu dute zumaiarrek eta hirugarrena getariarrek, infantil nesken mailan. Ikusi hemen sailkapenak osorik.

Hurrengo jardunaldiak

Urtarrilean hasi eta martxo amaierara arte, ligak 11 jardunaldi izango ditu aurtengoan. Bigarren jardunaldia hilaren 18an izango da, igandearekin, Pasai Donibanen, 10:30ean hasita, eta hirugarrena hilaren 24an, larunbatean. Jardunaldi horri buruzko informaziorik ez dute eman, oraindik. Gainerako hitzorduak otsailaren 1ean, 7an, 14an, 21ean eta 28an izango dira, eta martxoan, berriz, 14an, 15ean, 21ean eta 22an.

Finalak noiz jokatuko dituzten ere zehaztuta dute: martxoaren 29an izango dira, igandearekin. Finalerako sailkapenak, berriz, bezperan egingo dituzte. Finalak eta sailkapena kontuan hartuta, denera hamahiru hitzordu izango ditu Gipuzkoako Batel Ligak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide