Paulo Azpiazu: "Harria jasotzeak sortzen duen adrenalina ezin da hitzez azaldu"

Jon Eskudero ('Berria' egunkaria) 2026ko urtarrilaren 10a

Paulo Azpiazu, Zarauzko Bi Harri Txapelketan. (Guka)

Denbora gutxian marka bikainak eginda hartu du erretiroa Azpiazuk. Penaz dago, baina gorputzak eskatu dio plazetatik aldentzea. Bizkarreko lesio batekin ere arazoak izan ditu. Emaitzekin baino gehiago, jendearen maitasunarekin gogoratuko da luzaroan. Berria egunkariak hari egindako elkarrizketa da honako hau.

Harria jasotzen lauzpabost urte distiratsu egin ondotik, joan den azaroaren amaieran iragarri zuen erretiroa Paulo Azpiazu (Bergara, Gipuzkoa, 1997) Getariako bizilagunak. Txikitatik harriari lotuta egon ez arren, onenen pare ibili da azken urteotan, eta lorpen handiak izan ditu. Besteak beste, 2024an Euskadiko Harri Txikien Txapelketa irabazi zuen. Lesio baten ondorioz, uko egin dio harriak jasotzen jarraitzeari, baina ez da harrietatik aldenduko, "maitemindu" egin baita kirol horrekin. Orain, bere negozioan jarriko du arreta guztia: pertsonei hazkuntza pertsonalean laguntzea du ogibide.

Hilabete eta erdi igaro da erretiroa hartuko zenuela iragarri zenuenetik. Damutu al zara erabakiaz?

Ez, inola ere. Harriak altxatzea faltan botatzen dut, eta herri kirolen saioak telebistan ikusten ditudanean inbidia dezente sentitzen dut. Baina pozik nago hartutako erabakiarekin. Harri jasotzen hasi nintzenean ez nuen imajinatu ere egingo lortutako guztia lortuko nuenik. Erronka izugarria zen niretzat, eta hasieran proba txikiren bat soilik egitea neukan buruan. Aurrez uste nuen baino askoz kirol zailagoa iruditu zitzaidan harri jasotzea. Baina erakarri egin ninduen, eta ikusi nuen ez nintzela gaizki moldatzen. Urte politak egin ditut, eta gustura geratu naiz lortu dudanarekin. Baina ez dut jarraitu nahi. Gorputzak beste zerbait eskatzen dit.

Zergatik erretiratuko zara?

Bi arrazoi daude. Batetik, lesioa. Duela hiru hilabete inguru, bizkarrean mina sentitu nuen harri kubikoarekin entrenatzen ari nintzela. Urte guztiko esfortzuaren ondorio izan zitekeen, eta, masaje emaile batekin ibili ondoren, mina ez zen desagertzen. Erresonantzia bat egin zidaten, eta ikusi genuen bi protusio nituela. Lesio hori abisu moduan hartu nuen harri jasotzen ez segitzeko. Eta, bestetik, sentitzen nuen jada odolean ez neukala grina plazetan jarraitzeko. Beste bizitza bat nahi dut orain.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide