Saltaka korrika taldea martxan da berriz ere Getarian, eta joan den larunbatean, urtarrilaren 3an, egin zuten aurreneko juntadizoa hainbat herritarrek, elkarrekin korrika entrenamendua egiteko. "Arrakastatsua" izan zela ikusita, jarraipena emango diote, eta herritarrak animatu dituzte saioetan parte hartzera. "Ikusten da gogoa badagoela, eta herritarrei esan nahi diegu beldurrik gabe gerturatzeko entrenamenduetara".
Getaitri triatloi elkarteak orain bizpahiru urte sortu zuen egitasmoa, eta astean bitan elkartzen hasi ziren entrenatzeko, astearteetan eta ostegunetan. Antolatzaileek azaldu dute pixkanaka indarra galduz joan zela taldea, eta orain, formatua pixka bat aldatuta erabaki dutela berriz saioei ekitea. "Astean zehar gelditzeak ez du funtzionatu, edo eman beharrekoa eman du, eta horregatik, erabaki dugu larunbatetan egitea korrika saioak". Hala, hitzorduak asteburuetara pasatu dituzte: larunbat goizetan, 08:00etan elkartuko dira Elkanoren monumentuaren aurrean, taldean korrika entrenamenduak egiteko.
Izena eman beharrik ez
Herritar guztiei zabaldutako plana izan da hasieratik, baina "bereziki emakumeei zuzendutakoa", antolatzaileek gogorarazi dutenez. "Izan ere, bazegoen herrian korrika egiteko gogoa zuen taldetxo bat, baina bakarka ez ziren animatzen, eta konturatu ginen gidatuta, entrenamenduetan lagunduta, animatuko zirela parte hartzera". Hala hasi zuten bidea, eta helburu berarekin jarraitu dute aurten.
Larunbat honetan, hilaren 10a, izango da bigarren hitzordua, eta Getaitriko kideek azaldu dute izena eman beharrik ez dagoela Saltakan parte hartzeko. Hitzordura agertzearekin nahikoa da.
Entrenamenduak Getaitriko boluntarioek gidatuko dituzte, "mailaka antolatuta", eta astean zehar entrenamenduak egiteko irizpideak bidaliko dituzte, gainerako saioak nork bere kasara egin ditzan.