Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek Getaria bisitatu dute

Mireia Galarza Bastida 2026ko urtarrilaren 5a

San Antonetik barrena, herrira gerturatu dira gaur arratsaldean Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Hainbat geldialdi egin dituzte ibilbidean, eta amaieran, Getariako haurrekin elkartu dira Ekialdeko Errege Magoak. 

Iritsi dira Ekialdeko Errege Magoak Getariara, berriro ere San Anton menditik barrena. Hotza egiten zuen gaur arratsaldean kalean gehiegi zain egoteko, baina kapa pila bat soinean zituztela itxaron diete herritarrek Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri. Adi-adi zeuden haur nahiz helduak, 18:30ean suziria bota eta Hiru Errege Magoen etorrera ziurtatu duten arte. Urrutira, San Anton menditik etorri dira hiru protagonistak antortxak eskuetan zituzten laguntzaileek gidatuta. Portu inguruan, bitartean, urduritasuna eta zirrara ziren nagusi. 

Gerturatu ahala banatu dituzte goxokiak, eta musikaren laguntzaz igo dira Kale Nagusitik Elkanoren monumentuaren kanpoaldean egin duten geldialdiraino. Behin leku horretara iritsita, Herodesekin elkartu dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Amaitutakoan udaletxeko aterpean jarritako jaiotzara gerturatu dira, Jesus haurtxoarengana, eta bertan, tradizioa den moduan, opariak eta bertsoak eskaini dizkiote haurrari. Hori eta gero, herritar gazteenek Hiru Errege Magoekin egoteko aukera izan dute, horiek gaur gauean zehar opariak utziko dizkietela ziurtatzeko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide