Haur gehienek eta heldu askok gogokoen duten ekitaldia izango dute bihar arratsaldean Getarian. Ilunabarrarekin batera, Errege Magoen desfilea egingo dute kostaldeko herrian, 18:30ean hasita.
Eguraldia lagun bada, behintzat, Meltxor, Gaspar eta Baltasar, laguntzaileekin batera, San Anton menditik jaitsiko dira, zaldien gainean. Laguntzaileek eramango dituzten zuziek argituko dute jaitsierako bidea, portura heldu arte. Behin Elkanoren monumentuaren parean, Herodesen pasartea irudikatuko dute, eta Alde Zaharrean barrena, udaletxe aurrera helduko dira, mantso, bidean aurkituko dituzten haur zein helduei gozokiak emanaz. Han, Gudarien plazan, udaletxeko aterpean atondutako jaiotzan, haurtxo txikia gurtuko dute. Bertaratuko diren herritarrekin egoteko parada ere izango da iluntzean zehar.