Bertsolaritzak tartea izango du aurtengo San Anton jaietan ere. Bertso saioa antolatu dute urtarrilaren 18rako, iganderako; 18:00etan izango da Cristobal Balentziaga museoan.
Egun horretan kantuan arituko diren bertsolariak Maddalen Arzallus, Xabat Illarregi, Oihana Bartra, Danel Olano, Nerea Elustondo eta Aitor Salegi izango dira. Gai jartzailea, berriz, Uxune Areizaga izango da.
Emanaldirako sarrerak gaurtik aurrera egongo dira salgai, 10 euroan, Getariako Turismo bulegoan. Egunean bertan, hilaren 18an, emanaldia hasi baino ordubete lehenago museoan jarriko dituzte salgai.