Alde Zaharreko argiteria publikoa berritzeko lizitazioa abiarazi du Getariako Udalak

Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 29a

Argazkia: Getariako Udala.

Lanek 55.000 euroko aurrekontua dute, eta behin gauzatuta, ia herri osoko argiteria publikoa legoke LED sisteman. Ingurumen inpaktua murriztu eta, bide batez, espazio publikoaren kalitatea hobetzeko egin nahi ditu lan horiek udalak.

Udalerriko 85 luminariak LED sistemara aldatzeko helburuarekin, lizitazioa martxan jarri berri du Getariako Udalak. Azaldu dute argiztapenaren eraginkortasuna hobetzea eta energia kontsumoa murriztea direla helburuak, eta lanak gauzatzeko, 55.000 euroko aurrekontua dutela. 

Ia Getaria osoko argiteria publikoa LED sisteman egongo litzateke behin lan horiek egindakoan. Ingurumen inpaktua murrizteaz gain, energia kontsumoan aurrezpen esanguratsua ekarriko du aldaketak, udalaren ustez, eta beraz, gastu ekonomikoa murriztea espero dute epe ertain-luzera. 

Espazio publikoaren kalitatea hobetzen jarraitzeko bidean da udala, beren esanetan, jasangarritasuna eta baliabideen erabilera arduratsua ardatz hartuta. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide