Zabalik dago Cristobal Balentziaga kaleko garajeak eskuratzeko epea

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 19a

Cristobal Balentziaga kaleko garajeetarako sarrera. (Getariako Udala)

Getariako Udalak jakinarazi du guztira 42 garaje jarri dituztela salgai, eta beste 18 garaje bost urterako alokairuan hartzeko aukera egongo dela. Eskaera egiteko azken eguna urtarrilaren 21a izango da, egun hori barne.

Getariako Udalak Cristobal Balentziaga kaleko garajeak eskuratzeko deialdia ireki du. Guztira 42 garaje jarri dituzte salmentan, eta beste 18 garaje bost urterako alokairuan eskainiko dituzte. Esleipen prozedura dagoeneko zehaztuta dago, bai salmentarako bai alokairurako, eta interesdunek atzotik zabalik dute izena emateko epea.

Deialdian parte hartu nahi duten pertsonek dagokion eskaera-inprimakia bete beharko dute, eta udaletxeko harreran aurkeztu, urtarrilaren 21a baino lehen, egun hori barne. Udalak esan du inprimakiak udalaren ohiko informazio-bideetan eskuragarri daudela.

Baldintzak eta eskaerak

Eskaerarekin batera 500 euroko fidantzaren ordainagiria aurkeztu beharko da erosketen kasuan, eta zenbateko hori azken prezioari kenduko diote gero. Aldiz, alokairuko eskaeretara aurkezteko ez da inolako diru sarrerarik egin beharko.

Getarian erroldatuta ez dauden kasuetan errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta, hala badagokio, baita zintasuna edo mugikortasun murriztua egiaztatzeko dokumentazioa ere. Gainera, interesdunek Jabetza Erregistroko ziurtagiria aurkeztu beharko dute Getarian garajerik ez dutela egiaztatzeko, bai eta errenta aitorpena edo Ogasunaren ziurtagiria ere.

Jarduera ekonomikoa duten pertsonek jarduera lizentziaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, eta etxebizitza jabetzaren ziurtagiria ere eskatu ahal izango da deialdiaren baldintzen arabera.

Deialdiaren oinarriak, baldintzak eta esleipen prozedurari buruzko informazio zehatza Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkian nahiz Getariako Udalaren webgunean eta udaletxeko harreran kontsultatu ahal izango dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide