Aitortza artelanak sortzen lagundu duten eskuei

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 18a

Cristobal Balentziaga Museoak Santa Luzia egunean omendutako langileak. (Utzitakoa)

Urtero bezala, Santa Luzia egunean, Cristobal Balentziaga etxeko langileak museoan elkartzen dira, "batzen dituen lanbidea eta maisuaren bizitza ospatzeko" helburuarekin. Aurtengo hitzorduan omenaldia egiten diote diseinatzaileari, eta aldi berean, langileen lanaren balioa azpimarratu dute. Izan ere, jostun horien eskuek sortu dituzte gaur egun museoan ikusgarri dauden sorkuntzak.

Getariako Cristobal Balentziaga Museoak 2014. urtean jarri zuen martxan Josten duten eskuak ikerketa proiektua, diseinatzailearentzat lan egin zutenekin lotutako "ondare immateriala" berreskuratzeko asmoz. Hain zuzen ere, Balentziaga Etxeak Espainian eta Frantzian zituen lantegietako langileen ekarpena identifikatu eta azpimarratzeko egindako lanari esker, lantegietan erabiltzen ziren teknikak kontserbatu, enpresaren ekarpen soziala eta ekonomikoa dimentsionatu eta moda kontserbatzailearen nortasunari buruzko datuak jaso dituzte.

Balentziagak gero eta urrunago eraman zituen berak sortutako lerroak, beti koherentzia handiz, astiro baina etengabe eboluzionatuz. 1952ko egunkarien arabera, diseinatzaileak edertasunaren eta dotoreziaren idealak bere terminoetan ulertzen zituen eta "besteek baino bizpahiru bilduma lehenago", helarazten zizkion munduari; hortik sortzen ziren haren obrak.

Izan ere, Balentziagaren laguntzaileak –gehienak emakumeak– "funtsezkoak" izan ziren diseinuaren munduari egin zion ekarpenerako. Hain justu, Balentziaga Etxeak Donostian, Madrilen, Bartzelonan eta Parisen jardun zuen 1917. eta 1968. urteen artean. Mende erdi baino gehiagoko etengabeko jarduera izan zuen, eta itxi zutenean 2.000 langile baino gehiago zituen, aintzat hartuta lantegiko buruak, modistak, ikasleak, ofizialak, lisatzaileak, manikiak eta saltzaileak.

Omenaldi berezia

Santa Luzia eguna ospatzen da abenduaren 13an, eta urtero bezala, Cristobal Balentziaga etxeko langileak museoan elkartzen dira, "batzen dituen lanbidea eta maisuaren bizitza ospatzeko" helburuarekin. Aurtengo hitzorduan omenaldia egiten diote diseinatzaileari, eta aldi berean, langileen lanaren balioa azpimarratu dute. Izan ere, jostun horien eskuek sortu dituzte gaur egun museoan ikusgarri dauden sorkuntzak.

Ospakizun honek jatorri historikoa du, izan ere, Balentziaga Etxearen egoitzetan, lanbidearekin lotutako tradizio horiek ospatzen zituzten, "langileen arteko kohesioa eta kidetasun sentimendua indartze alderaE. Donostiako, Madrilgo eta Bartzelonako tailerretan ohikoa zen Santa Luzia ospatzea abenduaren 13an: jaieguna izaten zen, eta langileen dedikazioa eta arreta azpimarratzen ziren, hain justu. Aldi berean, Parisko egoitzan Sainte-Catherine ospatzen zuten azaroaren 25ean, "modista gazteen zaindariaren eguna", zehazki.

Cristobal Balentziaga eta zenbait jostun, lantegian lanean. (Utzitakoa)

Ikerketa proiektuak hainbat erregistro eta ikus-entzunezko bildu ditu, baita langileen bizipenei eta laneko esperientziari buruzko askotariko agiriak ere, besteak beste, argazkiak, gutunak eta lanabesak. Balentziaga Etxeko lanaren antolamenduari buruzko datuak ere jaso dituzte, esaterako, egoitzak, ibilbide profesionalak, lan giroa, bizipenak, eta baita langileen Cristobal Balentziagaren irudiaren pertzepzioa. Orain arte, artxiboak 500 erregistro baino gehiago, 25 objektu, 260 dokumentu eta argazkiak bildu ditu, baita proiektua zabaltzeko hamar ikus entzunezko ere. 

Informazioa, gainera, eskuragarri dago lasmanosquecosen.com webgunean. Bertan, egoitza ezberdinekin lotutako 500 erregistro baino gehiago bildu dituzte, eta horiek aztertuta, Balentziaga buru zuen enpresak Donostian, Madrilen, Bartzelonan eta Parisen izan zuen garrantzi soziala uler daiteke. Webguneak, halaber, ikerketa berriak aurrera egin ahala haziko den artxibo bizi bat proposatzen du, bai eta Balentziaga etxeko langileen memoriarako "hurbilketa intimista bat" ere, denborarekin ugarituko diren argazki eta bideo dokumentalen bidez.

Balentziagarekin lan egin zuten emakume jostunak. (Utzitakoa)

Proiektuan, Balentziaga etxeko langileen hamar lekukotza dokumental jaso ditu Itxaso Diaz zinemagile eta dokumentalistak, eta Nerea Alberdiren jatorrizko musika erabili da. Dokumentazioaren eta argazkigintzaren tratamenduaz arduratu da, beste alde batetik, Susana Blasco artista. 

"Ikerketa proiektuaren alderdirik garrantzitsuena da Cristobal Balentziagarentzat lan egin zuten pertsona guztien lana aitortzen eta azpimarratzen duela. Ondare immaterial hori berreskuratzea funtsezkoa da Getariako jostunaren lana haren laguntzaileen ikuspegitik dimentsionatzeko", esan du Igor Uria museoko bildumen zuzendariak eta ikerketaren arduradunak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide