Elkarguneak sustatzeko eta tokian tokiko errealitateak aztertzeko momentua

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 16a

Getariako, Donibane Lohizune-Ziburuko eta Alde Zaharreko Gazte Asanbladetako kideak, pasa den larunbatean Donostian egindako topaketan. (utzitakoa)

Gaztetxe eta gazte asanbladek euskalgintzari egiten dioten ekarpena "biderkatzeko unea" dela aldarrikatu dute Euskal Herrian Euskarazek eta Gazte Euskaltzaleon Sareak. 

Duela hilabete gutxi jarri zuten martxan Euskal Herrian Euskarazek (EHE) eta Gazte Euskaltzaleon Sareak TindEHEr egitasmoa. Helburu nagusia "gazte mugimenduen arteko harreman sareak indartu eta euskalgintzari egiten diogun ekarpenaren inguruan gogoetatzea" da, eta ekimen horren barruan, pasa den larunbatean Donostian elkartu ziren Getariako, Donibane Lohizune-Ziburuko eta Alde Zaharreko Gazte Asanbladetako kideak, egitasmoari jarraipena emateko asmoz.

"Hiru gaztetxeok, tokian tokiko ezaugarri eta jardun politiko propioak izanik ere, Kantauri Itsasoaren kostaldean aurkitzeak, antzekotasun ugari dituen errealitate baten aurkitzen gara: turistifikazio eta gentrifikazio prozesuen ondoriozko etxebizitza prezioen gorakada mugagabea da (zeinak geure auzo eta herrietan bizi proiektuak garatzea ezinezko bihurtu duen), espazio publikoaren pribatizazioa, hotelen, pentsioen, multinazionalen eta ostalaritzaren ugaritzea (eta ondorioz, komertzio lokal eta txikiaren desagerpena) edota gure kulturaren merkantilizazioa, besteak beste", kontatu dute EHEko kideek. 

Gauzak horrela, funtsezkotzat jo dute "elkarguneak sustatzea eta tokian tokiko errealitateak sakonki aztertzea, osotasun kapitalista heteropatriarkalaren baitan ulertu eta aurrera begira garatu beharreko proposamen politikoei bide emateko", hain zuzen ere.

Hori ez ezik, aipamen berezia egin nahi zian diote "Euskal Herriko hizkuntza nazionalari, hau da, euskarari": "Mendeetako debeku eta jazarpenaren ostean, hizkuntza gutxitua dugu gurea. Bigarren eta hirugarren mailako hizkuntza bihurtu dute, eta azken hamarkadetako hizkuntza politiken ondorioz ezagutza mailak gora egin badu ere, erabilpenak behera egiten jarraitzen du, arnasgune zirenak galtzeko arriskuan izateraino".

Halaber, gogorarazi dute euskara ez dela "ofiziala" Euskal Herriko hainbat lurraldetan: "Hori gutxi ez, eta "hegoaldeko" administrazio publikoaren euskalduntze prozesua kolokan dago Espainiako alderdi, sindikatu eta epaitegiek martxan jarritako oldarraldi politikoaren ondorioz". Iparraldeari” dagokionez, ukaezinak dira Frantziar Estatuak euskararen normalizazio prozesuari jarritako hamaika oztopo; azken urteotan, hezkuntza prozesua bere osotasunean euskaraz egin nahi izatea bera ere, kriminalizatzen saiatu delarik".

Egoera horren aurrean, gaztetxe eta gazte asanbladek "euskalgintzari egiten diogun ekarpena biderkatzeko unea" dela aldarrikatu dute. Gainera, argi utzi dute euskal gazteei dagokiela "gure kultura eta hizkuntza defendatu eta zabaltzeko baldintzak borrokatzea", eta bide horretan, gazteen arduratzat jo dute "gazteriak, zein tokian tokiko mugimendu sozialek hizkuntz eskubideen defentsa erdigunean jarri eta Frantziar zein Espainiar Estatuen asimilazio prozesuen aurrean, lehentasunez, joera faxista, arrazista eta erreakzionarioen aurka antolatzen jarraitzea, bai eta egungo erronken aurrean, arduraz jokatzea", zehazki.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide