Asteazkena izan zen Euskararen Nazioarteko Eguna, Abenduaren 3a, eta ordutik, Getarian euskararen aldeko hainbat ekitaldi egin dute. Azkena gaur eguerdian: udal antolatuta, kalez kale ibili dira herriko bi abesbatzako kideak eta gainerako herritarrak, euskararen aldeko kantuak lau haizetara zabaltzen.
Udaletxe aurrean egin dute juntadizoa 12:30ean, eta trikitilarien laguntzarekin eta Jesus Aldalur Salbatore abesbatzako zuzendariaren agindupean, hainbat kantu abestu dituzte plazan bertan nahiz alde zaharreko hainbat txokotan.
Atzo, berriz, Gaztetxean izan zen hitzordua, bertso afaria egin baitzuten Getariako Gazte Asanbladak antolatuta, hori ere Abenduaren 3aren harira.