Euskararen Nazioarteko Eguna irri eginez amaitu dute Getarian

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 3a

'Ai, Zapotxin! Baratxuri zoparen sekretua' emanaldiaren une bat. (Getariako Udala)

Eguraldiak baldintzatu du gaurko egitaraua, eta Iturzaeta Herri Eskolako kideek ikastetxean bertan egin dute ekitaldia, plazara joan beharrean. Ai, Zapotxin! ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute, hori bai, Berdura Plazan, eta datozen egunetan jarraituko dute Abenduaren 3a ospatzen eta aldarrikatzen. 

Ohi bezala, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira gaur, Abenduaren 3an, Iturzaeta Herri Eskolatik plazara kalejiran joatekoak ziren ikasle guztiak 15:00etan, ondoren udaletxeko balkoitik adierazpena irakurri eta kantatzeko asmoz. Dantza saioa egitekoak ere baziren. Baina eguraldi txarra medio, ikastetxe barruan egin dituzte ekintzok.

Gero, ordea, udalak antolatutako ikuskizunaz gozatu ahal izan dute, normaltasunez. Ai, Zapotxin! Baratxuri zoparen sekretua emanaldia 17:30ean hasi da, Berdura Plazan.

Hurrengo egunetan jarraituko du euskararen aldeko egitarauak. Honako ekintzak antolatu dituzte:

  • Abenduak 5,ostirala: 21:00etan, bertso afaria Gaztetxean Libe Goenaga, Danel Olano, Amets Aizpuru eta Aitor Salegi bertsolariekin. Gai jartzen, Ane Ezenerro. Antolatzailea: Getariako Gazte Asanblada (GGA).
  • Abenduak 6, larunbata:12:30ean kantujira, plazatik abiatuta, Getariako Salbatore Abesbatzako kideekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide