2027an egingo diren udal hauteskundeetara begira jarri da Getariako EAJ. Urriaren 29an, alderdiaren zuzendaritza batzordea berritzeko bilera egin zuten Getariako Batzokian, eta ahobatez aukeratu zuten Aitor Urresti organoko presidente berri. Zuzendaritza batzordeko kide bezala, Maite Lopez izango da diruzaina eta Amagoia Ezenarro idazkaria. Karmele Azkue, Itziar Etxarte, Iñaki Solozabal eta Ioritz Ezenarro ere taldeko kideak izango dira. Denak ere, zuzendaritza berriko "kide aktiboak" izango direla iragarri du Getariako EAJk.
"Jarraipena eta berrikuntza" hitzak erabili dituzte jeltzaleek zuzendaritza berrituaren jarduera definitzeko. Herrian "presentzia eta lana" indartzeko asmoa dutela iragarri dute, "herritarrekin harremana estutzeko eta proiektu politiko egonkor, hurbil eta herriaren ongizatearekin konprometitua bultzatzen jarraitzeko".