Oraindik izena eman daiteke Getariako Futbito Txapelketa Mistoan

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 19a

XI. Floren Memoriala Futbito Txapelketako finala. (Utzitakoa)

Getariako Gazte Asanbladak futbito txapelketa antolatu du larunbaterako, eta interesdunek bihar arte izango dute izena emateko epea. Txapelketaren ostean, afaria egingo dute gaztetxean, eta egunari amaiera emateko, hiru talde igoko dira oholtza gainera. 

Getariako Gazte Asanbladak antolatuta, Futbito Txapelketa Mistoa jokatuko dute larunbatean, herriko frontoian. Arratsaldeko 16:00etan hasiko dira norgehiagokak, eta interesdunek oraindik izena eman dezakete, 688 63 55 56 zenbakira edota asanbladaren Instagrameko kontura idatzita. Horretarako azken eguna hilaren 20a izango da, hain zuzen.

Parte hartzeko, gutxienez sei pertsonako talde mistoak osatu beharko dira, eta parte hartzaileak 14 urtetik gorakoak izan beharko dute. Talderik ez izanez gero, antolatzaileek izena bakarka emateko eskatu dute, eta bakarrik daudenen artean osatuko dute taldea.

Hori horrela, partidak 16:00etan hasiko dira, eta finalen aurretik, txapakale herrikoia ere jokatuko dute. Ondoren, afaria izango da parte hartzaile guztientzat, gaztetxean. Egunari amaiera emateko, hiru talde igoko dira oholtza gainera, hala nola, Eraldatzen, Putzu Beltzean eta Zentzu Okerra. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide