Eman diote hasiera Getariako HAPOaren diagnostiko faseari

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 17a

San Anton mendia. (Getariako Udala)

HAPOa idazten ari diren lan taldeko kideen parte hartzearekin, dokumentuaren aurkezpena ere egingo dute, herritarrek hurbilpen honen nondik norakoak zuzenean ezagutu eta ekarpenak egiteko. Hitzordua abenduaren 18an izango da, 18:30ean, Zarautz Jauregian.

Getariako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) lantzeko prozesua jarri du martxan, 2025eko martxoaren 21eko Alkatetzaren probidentziaren bidez abiatutako prozeduraren ondorioz. Dokumentu horretan, indarrean dauden arau subsidiarioak berrikusteko erabakia hartu zen, udalerriaren "etorkizun urbanistikoa eguneratzeko" helburuarekin.

Prozesuaren lehen urratsetan, udalerriaren egungo egoerari buruzko diagnostiko bat egin dute. Diagnostiko horrek udalerriak datozen urteetan izango dituen erronken lehen hurbilketa eskaintzen du, eta etorkizuneko Plan Orokorrak hamabost urte inguruko epean eman beharko dituen erantzunak identifikatzen lagunduko du. Epe hori, prozeduraren iraupena kontuan hartuta, 2043. urte inguruan kokatzen da.

HAPOaren lehen fasean, udalerriaren egungo egoera ezagutzeko eta aztertzeko lanak egiten dituzte. Horretarako, hainbat arlotako datu teknikoak biltzen dira, besteak beste, lurzoruaren erabilerak eta antolamendua, biztanleria eta etxebizitza, jarduera ekonomikoa eta azpiegiturak, eta ondarea eta ingurumen balioak. Informazio horren bidez udalerriaren "argazki orokorra" egiten dute, eta horren gainean lehen diagnostikoa eraikitzen da. 

Interesdunek jada Hirigintza-informazioa eta diagnostiko baterako hurbilketa dokumentua eta planoak eskura ditzakete hemen klik eginda. Gainera, HAPOa idazten ari diren lan taldeko kideen parte hartzearekin, dokumentuaren aurkezpena egingo dute herritarrek prozesuaren nondik norakoak zuzenean ezagutu  eta ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. Hitzordua abenduaren 18an izango da, 18:30ean, Zarautz Jauregian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide