Balentziaga museoa hegaztientzako "tranpa hilgarria" dela salatu du Eguzki talde ekologistak

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 12a

Txori bat hilda Balentziaga museoaren beirazko fatxadaren ondoan. (Eguzki)

Museoaren fatxada beirazkoa da, eta horren kontra jota hildako txorien datuak biltzen aritu da Eguzki. Esan du "biodibertsitate arazo latza" dela, eta horri aurre egiteko neurriak "lege eta araudietan ere" hartu behar direla iritzi dio.

Eguzki talde ekologistak oharra plazaratu du Getariako Cristobal Balentziaga Museoaren beirazko fatxada sortzen ari den kalteak salatzeko. Eguzkiren ustez, egitura hori "tranpa hilgarria" da txorientzat. Hainbat hegaztik jotzen dute beira, eta hil egiten dira. Eta errealitate horren aurrean, argi mintzatu da taldea: "Fatxada eta kristalezko bestelako egituren kontra talka eginda hiltzen diren txorien arazoa ez da arazo txiki bat, biodibertsitate arazo latza baizik, eta horri aurre egiteko neurriak lege eta araudietan ere hartu behar dira".

Horregatik, Getariako museoko zuzendaritzari zein Kultura eta Lurralde Oreka Berdeko foru departamentuei neurriak hartzeko eskatu die Eguzkik, "kristalezko fatxada horrek txorientzat suposatzen duen arazoa konpontzeko edo, behintzat, leuntzeko".

Balentziaga museoaren beirazko hormetako bat. (Eguzki)

Urtebeteko segimendua

Eguzkik azaldu du segimendua egiten aritu direla azken hilabeteotan, eta hala baieztatu ahal izan dutela "aspalditik sumatzen" zutena: "Museo horren kristalezko fatxada hegaztientzako tranpa hilgarria" dela. "Gutxi gorabehera urtebeteko epean, hamasei hegazti gorpu aurkitu ditugu fatxadaren ondoan. Horren kontra talka egin eta hil egin dira, duda handirik gabe. Hamasei hegazti asko dira, eta gainera, segimendua ez da inolaz ere sistematikoa izan. Gauzak horrela, ondorioztatu daiteke hamasei ale horiek, asko izanda ere, icebergaren tontorra baino ez direla, eta urtebeteko epean hildako hegaztien kopurua askoz handiagoa izan dela", nabarmendu du talde ekologistak.

Hildako hegazti gehienak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Espainiako Ministerioaren Babes Bereziko Araubidean dauden Basaespezieen Zerrendan daudela ere azpimarratu du Eguzkik, eta horietako bat, lepitzulia, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan ere sailkatuta dagoela, interes bereziko gisa.

Eskaera instituzioei

Eguzkik azaldu du txoriek "primerako ikusmena" duten arren, ezin dituztela beirak bereizi eta, sarri, horien kontra talka eginda hiltzen direla. "Ez da inolaz ere arazo berria, eta ondo identifikatuta dago. Izan ere, aspalditik ezagutzen ditugu hegaztien siluetadun pegatinak, leiho handietan edota autobide ondoko pantailetan ipintzen direnak (esan dezagun, bide batez, gaur egun ez direla babes-neurri eraginkorrenak kontsideratzen)".

Eguzkiren ustez, arazoari modu eraginkorrean heltzeko, lege eta arau mailako neurriak hartu behar dira, eta jakinarazi du urte hasieran idatzi bat bidali zeiela hainbat udali. Idatzi hartan eskatu zuten beraien eskumeneko araudian sartzea "eraikin publiko zein pribatuetako fatxada eta pantaila/hesi berrietan txorien talka saihesteko neurriak kontuan hartu behar izatea". Halaber, herriko fatxada eta pantaila arriskutsuak identifikatzeko ere eskatu zieten, eta horietan eragiteko, "titulartasun publikoa dutenetatik hasita".

Udalen partetik jaso duten erantzuna "apala" izan dela esan dute, eta eskean jarraituko dutela. Balentziaga museoaz bezala, Donostiako GOe eraikin berriaz ere egin dute salaketa, eta espero dute bi kasu horietan "gehiagotan salatu beharrik ez izatea" neurriak hartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide